“Ziur aski, ez zen erraza izango beste nonbait gu guztiok elkartzea” esaldia irakur daiteke larunbat goizean Kortxoenea gaztetxearen alde kultur alorreko hainbat lagunek Donostiako udaletxean irakurri duten manifestuan. Gune autogestionatuaren biziraupena bermatzeko eskatu diote Udalari.
Maite Arroitajauregi Mursego musikariak eta Beñat Sarasola idazleak irakurri duten “Kortxoeneak elkartu gaitu” testuak Indianoenea kaleko espazioaren balioa azpimarratzen du, Donostiako kulturari bost urtetan eman diona “inpaktu sozial, kultural eta ekonomikoaren neurgailu modernoenek” nekez kalkula dezaketela baieztatuz.
Eraikina eta proiektua “egun batetik bestera eraits zitekeela” ikusteak, “modu baldar eta ez-erregularren bidez gainera”, larritu egin ditu manifestuaren sinatzaileak. “Boluntario lanean oinarriturik, guztion ongia baino ez du sustatu Kortxoeneak, urte luzez erabat abandonatua egon den leku bat biziberrituz. Zinez bizi nahi dugu hori guztia gauetik egunera interes ekonomiko partikular batzuen kariaz pikutara bota daitekeen hiri batean, gizarte batean?”.
Donostia 2016ren testuingurua
Datorren urtean Donostia Europako Kultur Hiriburu izango da eta proiektu hori gaztetxean gertatu denarekin erlazionatzen du agiriak. “Donostia 2016 proiektuarekiko eszeptiko egoteko arrazoiak falta ez baziren, Kortxoenearen eraiste saiakerak harekiko zalantzak areagotu besterik ez ditu egiten”.
Sinatzaileen ustez, Donostiak datorren urtean eta aurrerantzean “espektakuluaren kulturaren hiriburu” baino zerbait taxuzkoagoa izan nahi badu, Groseko gaztetxea bezalako proiektuak “ezinbestekoak” izango ditu.
Hori kontuan izanda, Donostiako Udalari Kortxoenearen “biziraupena berma dezala” eskatu diote. “Ika-mika alderdikoiez haratago, Donostiako kulturaren zati handixkoa dugu jokoan, galtzen direnean oinazez faltesten diren egitasmo horietako bat alegia”.
Tabakaleran ere Kortxoenearen aldeko aldarria
Ostiralean inauguratu zuten Tabakalera kultura garaikideko gunea eta bertan ere izan zen Kortxoenearen aldeko aldarririk. Berrian irakurtzen denez, Pottors ta Klito taldeak eskaini zuen kontzertuan Amaia Gabilondo taldeko abeslariak pintura gorria isuri zuen bere gorputzera eta “kultura herriarena, Kortxoenea bizirik” zioen pankarta erakutsi, kulturgunearen irekiera-ekitaldian zeuden agintarien aurrean –Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Eneko Goia Donostiako alkatea, besteak beste–.
Kulturgileez gain, herritar ugarik babestu dute gaztetxea larunbat arratsaldean Bulebarretik abiatu den manifestazioan.