argia.eus
INPRIMATU
Kortxoeneak ekimenez beteriko asteburua prestatu du
  • Ostiralean auzolana egingo dute gazteek eta egunero bezala bazkari autogestionatua. Asanbladaren ostean, 19:00etatik aurrera Alex Mendizabalen kontzertua izango da eta 20:00etan Burdin hariak eta plastikozko goilarak poesia errezitaldia. 21:00etatik aurrera Burun Danga emanaldia izango da gaztetxean.

Martin Mendizabal Garai @mendigarai 2015eko irailaren 11
Ostiralean Donostiako Kortxoenea gaztetxea eraisten saiatu zirenetik dinamika ugari egin dira bertan (Argazkia: Adibide Komunikazioa)

Egun osoan gelditu gabe aritu ziren ostegunean ere. Goizean auzolanean garbiketa eta auzoaren dekorazioari ekin zioten. Arratsaldean bazkari autogestionatua egin ondoren bizilagunei egoeraren berri eman zieten. 18:00etan gaztetxeko asanblada egin zuten, eta bereziki asteburuko egitaraua izan zuten hizpide. Bileraren ostean Donostialdeako taberna batzuen elkartasuna medio, Pintxopotea egin zuten Kortxoenean. Ondoren jam sessiona eta Laurobak kontzertua eskaini zuen lotara joan baino lehen.   

 

 

 

Asteburuko egitarau zabala, tartean Fermin Muguruza eta Bad Sound System

Asteburuan gune aktibo bilakatu nahi dute Kortxoenean dinamizatzaile baten laguntzarekin, Ane Baltzola eta Maddi Juanikorena gaztetxeko kideek ARGIAri azaldu diotenez.

 

Astebururako ekimen ugari antolatu dituzte: larunbat goizean zirko eta joste tailerra egiteaz gain gaztetxeari elkartasuna adierazteko prentsaurrekoa egingo dute kultur arloko hainbat lagunek. Bazkalostean manifestazio girotua antolatu dute 17:30etik aurrera, Donostiako Bulebarrean hasi eta Kortxoenean amaituko dena.

24 orduko dinamikaren baitan igandean estropaden streaming bidezko zuzenezko emisioa izango da gaztetxean. Bertan ez daudenentzat Alde Zaharretik gaztetxera joango den kalejira antolatu dute Bulebarretik 15:00etatik aurrera. Bertan 17:00etatik aurrera Fermin Muguruza eta Bad Sound System taldeen kontzertua izango da.