Larunbatean 2.500 lagun inguru atera ditu kalera Kortxoenea gaztetxeak egindako deiak. “Gune autogestionatuak defenda ditzagun” lemapean Boulevardetik Sagueserako bidea egin dute, gaztetxe eraitsitik igaroz.
Bidean, begiz jo duten hurrengo eraikina seinalatu dute: Zemoria kaleko 20. zenbakia, Okendo kultur etxea baino pixka bat gorago. Udalarena da jabetza eta ekainean berritu behar dute Jaurlaritzari egindako lagapena. Proiektuaren seigarren urteurrena bertan ospatuko dutela dioen kartela jarri zuten atean.
Saguesen kontzertuak egin dizute, Joseba B. Lenoir, Borrokan eta Triple H taldeekin.
Udala eraiste ilegalaren "konplize"
Groseko gaztetxearen eraisketak zeresana ematen jarraitzen du. Batetik, eraikina husteko epailearen agindua beharrean, joan den azaroaren 3an aurpegia estalita zuten eta beltzez jantzitako dozena bat pertsonak eraikinaren barnean zeuden kideak kolpeka eta bultzaka atera zituztelako.
Bestetik, kanpoan Udaleko teknikariak zeudela ikusita, gaztetxeko kideek salatu dute Udala jakitun zela goiz hartan eraikinaren jabeak era ilegalean kanporatuko zituela gazteak. Udaltzaingoak bertan parte hartzeari uko egin ziola jakin da ondoren. “Kortxoenea hustu duten modua oso aurrekari larria da gaztetxeen mugimenduarentzat”, zioten.
Martxako argazki batzuk, Kortxoenearen eskutik.