Uztailaren 3, 10 eta 17an zuzeneko musika eta zine proiekzioak uztartuko dituzte Gasteizen. Filmak jatorrizko bertsioan eta euskarazko azpitituluekin proiektatuko dira.
Musikari dagokionez, The Cherry Boppers, John Berkhout eta Unclose taldeek joko dute, besteak beste
Oihaneder Euskararen Etxeak jarri du martxan Kortxeak & krispetak izeneko zikloa. Bertan uztaileko lehen hiru ostiraletan, 3, 10 eta 17, musika eta zinema uztartuko dira musika estilo desberdinen bueltan.
Zehazki, arratsalde-gau partean Falerina lorategian musika zuzenean egongo da eta gauerdian elur zuloaren alboko harresian, entzundako musika motarekin lotura zuzena duen pelikula proiektatuko da.
Filmak jatorrizko bertsioan eta euskarazko azpitituluekin proiektatuko dira. Hain zuzen ere, filmeen euskarazko itzulpenak ziklorako egin dira espresuki. Eta noski, krispetak ez dira faltako!
Egitarau mamitsua
Uztailaren 3ak swinga izango du ardatz. Falerina lorategian Jazz 4 Joy taldeak joko du 20:00etan eta 21:30ean The Cherry Boppersen txanda izango da. 00:00etan Swing kids filma proiektatuko da harresian.
Uztailaren 10ean, folk-rockari helduko zaio. John Berkhout talde oiartzuarraren kortxeek osatuko dute lorategiko pentagrama eta krispetez gozatzeko Searching for Sugar Man filma eskainiko da.
Uztailaren 17an post-punk elektronikoaren txanda izango da. Split77 taldea aintzindari duen Unclose taldeak joko du 21:30etik aurrera eta gauerdian Control pelikula ikusteko aukera egongo da.
[Albiste honen jatorrizko bertsioa Entzun!-ek argitaratu du eta webgune horretako Creative Commons lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra]