Otsaila bukaeran abiatuko dute Frantziako Konstituzioaren moldaketa dakarren proposamenaren idazketa. Agendaren berri ukan bezain laster berretsi du bere baldintza Korsikako Asanbleak: "Irlako hautetsi eta eragile guztiak beharko dira idazketa fasean inplikarazi".
Korsikak autonomia estatutua eskuratu ahal izateko urratsen artean badago Frantziako Konstituzioaren moldaketa. Gerard Darmanin Barne ministroak Gilles Simeoni Korsikako gobernuburuari jakitera eman dionez, otsaila bukaeran abiatuko dute konstituzioaren moldaketaren idazketa.
Behin idatzita, Korsikako Asanbleak eta Korsikako hautetsiek ukanen lukete testua eskura, moldaketa proposamenak egiteko aukera ukanez, eta azken hitza luke Emmanuel Macron Frantziako presidenteak. 2024ko seihilekoaren bukaera aitzin bozkatu beharko lukete testua Frantziako senatariek eta parlamentariek. Horra otsailaren 13an argituriko agenda. Egun horretan batu dira Darmanin eta Simeoni, Parisen, Korsikaren autonomia estatutuaz hitz egiteko.
Agendaren berri ukan bezain laster berretsi du bere baldintza Korsikako Asanbleak: "Irlako hautetsi eta eragile guztiak beharko dira idazketa fasean inplikarazi". Zentzu horretan, beraien aldetik, Korsikako Asanblearen eta irlako ordezkari politiko guztien babesa izango lukeen proposamenaren idazketan dabiltza korsikarrak. Oinarri horretatik abiaturik lan egiteko manua luzatu diote Darmanin ministroari.
Finean, iazko irailean Macronek aurkezturiko agenda berretsi du Barne ministroak.