argia.eus
INPRIMATU
Korsikako gotorleku bat okupatu eta gose greba mugagabea hasi dute hainbat gaztek
  • Korsikako Ghjuventù Indipendentista ikasle sindikatuko hogei gazte inguruk Corti herriko gotorlekua okupatu dute, bertako "erresistentzia ondare" garrantzitsu bat dena.

Topatu.eus @topatu_eus 2015eko apirilaren 23a

Bi aldarrikapen nagusirekin gauzatu dute ekintza: Lehena, azken hilabeteetan Korsikako Asanbladan bozkatuak izan diren legeak aplikatzea: egoiliar estatusa, estatus fiskala eta korsikeraren koofizialtasuna indarrean jartzea. “Demokrazia aplikatzea baizik ez dugu eskatzen”, adierazi dute. Bigarrena, preso politikoen amnistia: “Frantses estatuak ez badu amnistia onartzen, bakea ukatzen du”. Gogorarazi dute duela urte bat Korsikako Nazioa Askatzeko Fronteak (FLNC) borroka armatua uzteko erabakia iragarri eta armagabetzea hasi zuela. Bide horretan, konponbiderantz pausoak emateko, presoak askatzea ezinbesteko baldintza dela uste dute.

Okupazio “politiko eta sinboliko” honekin batera, muga gabeko gose greba hasi dute, eta ez dute bertan behera uzteko asmorik Frantziako ministro “egoki” batekin “egiazko” elkarrizketa bat sortu arte. Izan ere, uste dute Korsikako jendarteak beraien aldarrikapenekin bat egiten duela: “Asanbladako bozkek hori erakusten dute”. Bide horretan, publikoki ekintza babestera deitu dituzte korsikarrak.

Ekintzaren helburua da jendarteak eta politikariek egoeraren “larritasunaren” kontzientzia hartzea.

Oharra: Topatu-tik ekarritako albistea lizentzia libreei esker. Jatorrizkoa hemen.