Korsika Askatzeko Nazio Fronteak (FLNC) iragarri du "aurrebaldintzarik gabe" armak utzi eta "klandestinitatetik irteteko" erabakia hartu duela. Gaur egungo baldintza politikoek eraman dute erabaki hori hartzera, 14 orrialdeko agirian azaldu duenez.
"Borroka eta erresistentziaren fasetik, benetako botere politiko korsikarra eraikitzeko fasera pasa gara", dio 1976an sortutako erakundeak. "Ez da historiaren amaiera, kontrakoa baizik; keinu honekin aukera berriak eskaini nahi ditugu burujabetzarako bidean".
Korsikako hautetsiei eskatu die Frantziako Estatuarekin estatutu berri bat ezartzea negoziatzeko, baita "presoen eta iheslari politikoen egoera" konpontzeko ere.
FLNCk adierazi du bere jardunak ahalbidetu duela hormigoiak Korsikako kostaldea ez hartzea eta espekulazioa gutxitzea.