argia.eus
INPRIMATU
Korsikako Asanblean frantsesa inposatzen jarraitzen dute, korsikera debekatuta
  • Korsikako legebiltzarkideek ezin dute Korsikako Asanblean korsikeraz hitz egin, Bastiako Auzitegiaren 2023ko epai baten arabera. Ebazpen horri helegitea jarri zion Asanbleak, baina debekua berretsi du orain auzitegi berak. Epaiak tokiko beste hizkuntzei eragiten diela ohartarazi du Asanbleak.

ARGIA @argia 2024ko azaroaren 27a

Auzitegiak argudiatzen du Konstituzioaren bigarren artikuluaren arabera “frantsesa Errepublikaren hizkuntza” dela eta horren aurka egiten duela Korsikako Asanbleak eta Gobernuak duten barne-arautegiak: alegia, legebiltzarkideek eta langileek bai frantsesa bai korsikera erabili ahal izatea.

Debekuari helegitea jarri arren, bere horretan mantendu da epaia. Orain, Estatu Kontseiluan helegitea jartzeko aukera du Asanbleak.

Oharra ere egin dute Korsikako Gobernuak eta Asanbleak, elkarrekin kaleraturiko agirian: epaiak korsikeraz hitz egiteko eskubidea baztertzen du, baina euskarari, bretoierari, okzitanierari eta tokiko hizkuntza guztiei eragin diezaieke, horiek erabiltzeko eskubidea ere baztertzen baitu, “ez soilik erakundeetan, baizik eta bizitza publikoari dagokion edozein ekimenetan”.

"Korsikera legez kanpokoa Korsikan! Imajina daiteke korsikar herriarentzako egoera diskriminatzaileagorik?"

Emmanuel Macron Frantziako Gobernuko presidentearen hitzek sortutako harrabotsetik astebetera iritsi da albistea. Macronen arabera, “tokiko hizkuntzak nazioa zatitzeko tresna dira”.

2023ko epaiaren aurrean, erabaki diskriminatzailea dela salatu zuen Korsikako Kontseilu Exekutiboak, ARGIAn kontatu genuenez: “Korsikako hautetsiei debekatu egiten die euren hizkuntzan hitz egitea, Korsikako Asanblean, Exekutiboan, eta ekitaldi publikoetan. Erabaki judizial honek eta horren arrazoiak berresten dute konstituzioa erreformatzeko beharra, zehazki korsikerari koofizialitatearen estatusa emateko, beharrezkoa dena hizkuntzaren biziraupena eta garapena bermatzeko”.

Femu a Corsica alderdi abertzaleko kide François Alfonsik ere diskriminazioa kritikatu zuen: “Korsikera legez kanpokoa Korsikan! Imajina daiteke korsikar herriarentzako egoera diskriminatzaileagorik?”.