Korsikako Asanblean eta Exekutiboan korsikera erabiltzea Frantziako Konstituzioaren aurkakotzat jo du Bastiako Auzitegiak, uharteko prefet ohiaren helegitea ebatzita. Korsikako herritarren eskubideen urraketa dela salatu du, besteren artean, Gilles Simeoni Korsikako Kontseilu Exekutiboko presidenteak.
“Frantziako Estatuak konfiskatuta duen” Bastiako Auzitegi Administratiboaren epaia diskriminatzailea dela salatu du Korsikako Kontseilu Exekutiboak: “Korsikako hautetsiei debekatu egiten die euren hizkuntzan hitz egitea, Korsikako Asanblean, Exekutiboan, eta ekitaldi publikoetan”. Hala ohartarazi zuten martxoaren 10ean, Gilles Simeoni Korsikako Kontseilu Exekutiboko presidenteak eta Marie-Antoinette Maupertuis Asanbleako presidenteak, Corse Net Infos uharteko hedabideak jaso duenez.
Bastiako Auzitegiak bertan behera utzi du asanbleak 2021eko abenduaren 16an abiatutako araua. Arau hori aho batez onartu zuten parlamentariek, eta korsikera erabiltzeko hautua zehazten zuen: “Korsikako Asanblea eta Korsikako Kontseilu Exekutiboa korsikar herriaren interes material eta moralen bermatzaile dira. Korsikako Asanbleako eztabaida-hizkuntzak korsikera eta frantsesa dira”. Erabaki hori berretsi zuen exekutiboak 2022ko otsailaren 8an, beraz, bi organoetan zegoen arau bera.
Une hartan uharteko prefeta (Frantziako Gobernuaren ordezkaria) zen Pascal Lelarge-k helegitea aurkeztu zuen, Frantziako Konstituzioaren aurkakoa zelakoan araua, bi arrazoirengatik: batetik, “errepublika bakar eta zatiezinaren aurkakoa” zelako Korsikako herriaren aipamena, eta, bestetik, “errepublikako hizkuntza frantsesa delako”, 2. artikuluari erreferentzia eginez. Auzitegiak arrazoia eman dio.
Simeoni eta Maupertuis Exekutiboko eta Asanbleako presidenteek argi utzi dute “pentsaezina” dela korsikarren eskubideen aurkako erabaki hau onartzea, eta harago jo dute: “Erabaki judizial honek eta horren arrazoiak berresten dute konstituzioa erreformatzeko beharra, zehazki korsikerari koofizialitatearen estatusa emateko, beharrezkoa dena hizkuntzaren biziraupena eta garapena bermatzeko”.
Neurriak iragarri dituzte datorren asanblearen ondotik. Korsikera erabiltzea aho batez onartu zutenez, jakinarazi dute datorren saioan talde parlamentario guztiei proposatuko dietela “posizio komun bat” hartzeko Bastiako Auzitegi Administratiboak eragin duen “egoera juridiko eta politiko honen aurrean”.
Femu a Corsica alderdi abertzaleko kide François Alfonsik sare sozialetan diskriminazioa kritikatu du: “Korsikera legez kanpokoa Korsikan! Imajina daiteke korsikar herriarentzako egoera diskriminatzaileagorik?”. Eskerrak eman dizkio NBE Nazio Batuen Erakundeko gutxiengoen auziei buruzko erreportari bereziari, publikoki ohartarazteagatik erabakiak nazioarteko zuzenbidea urratzen duela. Epaia "iraingarria" dela esan du Jean-Christophe Angelinik, asanbleako Avanzemu taldearen buruak.