argia.eus
INPRIMATU
Korsikak Frantziako konstituzioa aldatuz eskumen gehiago lortu nahi ditu
  • Korsikako Asanbladak joan den ostiralean bozketa historikoa egin zuen Le Journal du Pays Basquen irakur daitekeenez: 51 kontseilaritik 46k bozkatu dute Frantziako konstituzioari artikulu berri bat eranstearen alde. Artikulu horrek Korsika aipatuko luke eta Lurralde Elkargoa garatzeko urratsak ematea baimenduko luke.

ARGIA @argia 2013ko urriaren 02a
Korsikako hautetsiak ostiraleko bilkuran.

Corsica Libera alderdiko asanbladako ordezkari nagusi Jean-Guy Talamoni “oso pozik” agertu zen joan den asteko bozketaren emaitzaz, izaera masiboa edukitzeaz gain ekimenaren aldeko hautetsiak daudelako ordezkaritza duten talde politiko guztietan. Onartutako deliberoak Frantziako konstituzioan 72-5 artikulua sortzea eskatzen du Korsikako Elkargoa zuzenean aipatuz.

Hizkuntzaren koofizialtasuna, ondasun higiezinen salerosketa erregulatzeko ahalmena, politika fiskalak eta erakundetze-ahalmenak lortuko lituzke Korsikak Frantziako konstituzioan aldaketa hori eginez gero.

Batera eta EH Bai interesatuta

Gertutik jarraitzen ari da prozesu hori Euskal Herriko Batera plataforma. Nikolas Blainen adierazpenak jaso ditu Le Journal du Pays Basquek. Gobernuak nola erantzungo duen ikusteko gogoa dauka Baterak, eta eskaerari emango dion erantzuna “politikoa” izatea, horrek Ipar Euskal Herrirako Lurralde Elkargoa lortzen lagun dezakeelako.

Euskal Herria Bai koalizioaren balorazioa ere jaso du Le Journalek. Korsikako adibideak argi uzten du koalizio abertzalearen ustez, aukera gehiago daudela aldeko oihartzuna jasotzeko hautetsi lokalek lurralde-aldarrikapenetan bat egiten dutenean.