Laguntza publikoak eta afiliatuen kuotak gordetzen zituen kontu korronte batetik lapurtu zuten dirua goi-kargudunek. 2019 eta 2021 artean, 114.175 euro banatu zituztela uste da.
Madrilgo 21. epaitegiak martxan dauka ikerketa bat, Unión General de Trabajadores (UGT) sindikatuaren barruan izan den korrupzio kasu baten inguruan. Garaian administrazio-lanetan aritzen zen Mayka Tomás Gómezen jarduna hartu du abiapuntutzat ikerketak. Badirudi ehunka txeke faltsutu zituela Tomasek, Soldatak Bermatzeko Funtsaren (FOGASA, gazteleraz) indemnizaziotzat aurkeztuz, eta kalte-ordainketa horien onuradunak asmatuz. Modu horretara, 4,5 milioi euro lapurtu zituztela kalkulatzen da.
Txeke horiek Madrilgo UGTko zuzendaritzak kobratu zituen. Identifikatutako goi-kargudun iruzurtien artean daude 2021era arte Madrilen UGTko idazkari orokorra izandakoa, Luis Miguel López; idazkariorde orokor ohia, Jose María Hernández; 2021era arte administrazioko idazkari izandakoa, Emilio Trillo, baita ondoren bere kargua hartu zuena ere, Clemente Sánchez.
Dirudienez, 7.000 eurorainoko txekeak jaso zituzten Madrilgo UGTko goi-kargudunek. Kalkuluen arabera, 2019tik 2021era bitartean, gutxienez 37 txeke eman zizkieten; guztira, 114.175 euro. Diru hori guztia, antza, hainbat urtetako laguntza publikoak eta afiliatuen kuotak gordetzen zituen kontu korronte batetik zetorren.