Korrikaren inguruko albiste motzak, elkarrizketak, bideoak, kanta, ibilbide historiko birtuala eta galdera-jolasak bildu dituzte.
23. Korrikak eta AEK-k ikastetxeentzako unitate didaktikoak aurkeztu dituzte. Korrikaren webgunean jada unitate laburrak topatu daitezke.
Hainbat unitate daude: alde batetik, Korrikari buruzko albiste motzak daude, kantuaren inguruko jolasak,... Ane Elordi Korrikako arduradun nagusiari egindako elkarrizketa ere txertatu dute, baita hamabi galderako Kahoot jolasa ere, edukiak errepasatzeko.
Bestalde, Korrikaren ibilbidearen inguruko jolasa argitaratu dute, urtero egiten dutena baina hainbat nobedaderekin. Unitate honetan, euskara ikasleek Korrikaren app-aren inguruko albiste bat irakurri ahal izango dute, ibilbidearen inguruko xehetasunak ezagutzeko.
Azkenik, Joseba Irazabalek Korrikaren historiari buruzko atala sortu du, zati nagusia izango dena. Bertan ibilbide birtual bat proposatu diete ikasleei, hamarkadaz hamarkada. Horrekin guztiarekin batera, hizkuntza eta ulermen jarduerak ere txertatu dituzte unitateetan.