argia.eus
INPRIMATU
Korrikaren sortzaileei omenaldia egingo diote 20. edizioan
  • 2017. urtekoa 20. Korrika izango da eta AEK-k euskararen aldeko ekimen arrakastatsua abiatu zutenak omenduko ditu jai giroan.

ARGIA @argia 2017ko otsailaren 10a
Argazkia 20. edizioa aurkeztu zutenekoa da. Sortzaileei omenaldia otsailaren 11n egingo zaie. Argazkia: Korrika.

Otsailaren 11n izango da urtemuga jaia eta omenaldia Irungo Ficoba azokan. Antolatzaileek esan dutenez, Korrikaren ideia eroa mahai baten inguruan egindako hainbat bileratan hasi zen gauzatzen eta otordu batean eman zitzaion behin betiko forma.

Zirkoa, antzerkia, bertsoa, bakarrizketak, dantza eta sorpresaz betetako otordua agindu dute Korrikaren antolatzaileek. Gonbidatu zerrenda luzea da: Txaranga Pasai, Reyes Prados, Eñaut Gantxegi, Nerea Arriola, Gorka Zubeldia, Alaia Martin, Onintza Enbeita, Sara Cozar, Artzen Letona, Peru Iparragirre, Kike Amonarriz, Amaia Irurtia, Elene Sorozabal eta abar.

Duela egun gutxi “Euskararen lau aurpegi” dokumentalaren aurrestreinaldia egin zuten Bilbon eta otsailaren 9an Korrika kulturala abiatu zen Gasteizen Kepa Junkerak eta Sorginek emandako kontzertuarekin.