argia.eus
INPRIMATU
Korrika, euskaraz HitzEkiteko prest
  • Martxoaren 31n hartuko dute lekukoa Amurrion, eta eskuz esku ibiliko da 2.575 kilometroz, harik eta Donostian ezkutuko mezua zabaldu arte, apirilaren 10ean. ARGIAk jarraipen berezia egingo dio 22. Korrikari.

ARGIA @argia 2022ko martxoaren 18a
HitzEkin izango da aurtengo leloa. Argazkia: AEK.

Aurreneko edizioko xede bera izango du aurtengo Korrikak: euskararen aldeko kontzientzia suspertzea eta AEKren eguneroko jardunerako dirua biltzea. Hala ere, antolatzaileek gogorarazi dute jada ez dela nahikoa euskararen alde egitea eta ekiteko ordua dela. HitzEkin leloan laburbildu dute 22. Korrikako helburua: "Hizkuntza bat hitzekin osatzen da, baina ekimenek eraikitzen dute hizkuntza baten komunitatea. Euskarak aurrera egin nahi badu, euskaldun (pro)aktiboak behar ditu, konbentzimendutik ekintzara, praktikara, jauzi egingo dutenak". Jendarte osoari egin diote Korrikara batzeko deia, Amurriotik Donostiara, herriz herri, eskuz esku, eta urratsez urrats. "Eginez eragingo dugu eta eginaraziko diogu elkarri, ikasle, agintari zein eragile orok, guztiok elkarrekin".

ARGIAk jarraipen berezia egingo dio euskararen lasterketari, eta Leire Artola kazetariak bertatik kontatuko ditu azken berriak. Egunero argia.eus atarian eta sare sozialetan topatu ahalko dituzue albisteak, elkarrizketak eta argazkiak.

2.575 kilometro

Egun gutxi falta dira mezu sekretua duen lekukoa Euskal Herria zeharkatzen hasteko. Amurrion ekingo diote bideari, martxoaren 31n, 16:30ean, eta Donostian bukatuko dute hamar egun geroago, apirilaren 10ean. Aurreikusi dute 12:30ean hasiko dela amaiera ekitaldia eta mezuaren irakurketa. Berrikuntza bat gehitu du AEK-k: mugikorrerako aplikazio bat martxan jarri dute, zeinak aukera ematen duen unean unean lasterketa non dagoen ikusteko. Bertan, modu erraz eta argian kontsultatu daiteke ibilbide osoa, baita norbere herritik zer ordutan igaroko den ere, besteak beste.

Egun hauetan pasako da hiriburuetatik: Gasteizera apirilaren 1ean ailegatuko da, 17:00ak aldera; Iruñean apirilaren 2 goizean ibiliko da, larunbatean; Donibane-Garazira astelehenean iritsiko da, apirilaren 4an, 17:00ak inguruan; egun berean Mauletik igaroko da, 21:30 inguruan; Bilbo izango da hurrena, apirilaren 6an, iluntzean; Baiona larunbatean gurutzatuko du, apirilaren 9an, 17:30 aldera; azkenik, apirilaren 10eko 7:30ean sartuko da Donostian, eta goiz osoan ibiliko da hiriburuko kaleetan.

Entzun, ikusi, sentitu: hitzekin

Korrikari doinua jarri dio Hitzekin kantuak; Nerea Urbizu arduratu da musika ez ezik ahotsa jartzeaz ere, Ane Garcia eta Anarirekin batera, eta Sustrai Colinaren letrarekin. Halaber, Uhinak dokumentala ekoitzi dute Txakur Gorria sormen kolektiboak eta AEK-k. Korrikak aurten Pirritx, Porrotx eta Marimotots omendu ditu, 34 urteko ibilbide arrakastatsua balioan jartzeko. Izan ere, antolatzaileek azpimarratu dute pailazoek lan handia egin dutela guraso eta umeen arteko euskararen transmisioan zein normalizazioan: "Beren ikuskizun eta kanten bidez, egin, eginarazi eta eragin dute".