argia.eus
INPRIMATU
Korrika egiten duen hegalaria
  • Beste hainbat intsekturen kasuen modura, hau ere “tigre” hitzaren  itzalpean izendatzen dute herrialde batzuetan. Jakina, halako izena jarriz gero espero zitekeen ehizarako trebetasuna ezin falta! Eta halaxe da, bai.

Iñaki Mezquita Aranburu 2024ko irailaren 08a
Argazkia: Iñaki Mezquita Aranburu.
Cicindela campestris

TALDEA: Ornogabea/Intsektua/Coleoptera/Carabidae.

NEURRIA: 10-15 mm.

NON BIZI DA? Europan, Siberian eta Afrikako iparraldean.

ZER JATEN DU? Beste intsektuak.

BABES MAILA: Ez dago babestuta.

Intsektua izaki, metamorfosia betez garatzen da. Larba fasean lurreko aldapatxoetan eginiko zuloetan bizi da, eta bertatik, Txu-txu treneko sorgina izango balitz bezala, bat-batean atera eta bere habiaren ataritik pasatzen diren intsektu inozoak harrapatzen ditu. Horretarako baraila ikusgarri bezain beldurgarriak ditu, bere tamainako animalia batentzako, noski… beraz, egon lasai!

Larbaren abdomen lodi eta luzea fase horretan elikagaien bitartez metamorfosia betetzeko metatzen duen energiaren adierazle da.

Helduak oso eguzkizaleak dira eta apiriletik aurrera sarritan ikusi daitezke lur, hormigoi eta zementuzko bideetan eguzki izpiak hartzen. Oso bizkorrak dira eta ez da erraza gertutik behatzea, berehala hegan edo korrika ihes egiten baitute. Hori bai, ez dira oso urrutira joaten, oso lurkoiak baitira. Korrika esan dugu eta horrelako animalia txikiak “korrika” ihes egiten duela esatea barregarria irudituko zaizue bati baino gehiagori, baina… Adi! Segundo batean gutako bat ia 80 metro egiteko gauza balitz, zer esango genuke? Hartuko zukeen Usain Bolt-ek ere bere sasoirik onenean! Gure kakalardo txikitxoa bere luzera 40 bider betetzeko gai da segundo batean. Beraz, errespetua zor, lagunok!

Barailak aipatu ditugu, eta horiek merezi dute, bai, haien inguruko zenbait azalpen ematea. Kolore argiko baraila sendo horiek harrapakinei heltzeko ezezik estalketa bete bitartean bikotea elkartuta mantentzeko ere erabiltzen dituzte. Arrak (txikiagoa izaki) emeari heltzen dio bere bizkarraldean “debalde” garraiatzeko. Jarrera zail eta korapilotsu horretan ere bikotea gauza da abiadura bizian ihes egiteko sortu daitekeen edozein arriskuren aurrean.

Bere kolorazio berde-metalikoa ikusgarria da, bere familiako beste karabido batzuen antzera, eta orban zurixka batzuk agerian geratzen dira bere berdetasunean. Buruan antena luzexkak ditu eta bere gorpuzkerak armadura baten itxura du, burutik hasi eta hegoen babeserako dituen elitroetan buka. Hanka fin eta ileduneko intsektua da, nahiz eta hanketako ileek duten kolorazio argiak gure begien aurrean ezkutatu. Aipatu ditugun elitroetako orban zurixka horiek gorriz inguratuta daude, elitroen ertzak bezalaxe. 

Cicindela generoko beste bi espezie aipatu ziren Alonso eta Bahillok 2019an argitaratu zuten Euskal Erkidegoko Koleopteroen Katalogoan: Cicindela maroccana eta Cicindela hybrida, biak ere gaur gure arreta merezi izan duen C. campestris-en itxura oso antzekoa dutenak.