argia.eus
INPRIMATU
Korrikaren Gasteizko amaiera festa aurkeztu dute
  • 21. Korrika bere ekuatorera iritsi aurretik, antolatzaileek azken eguneko festa aurkeztu dute Gasteizen. Emakumeen presentzia nabarmendu eta Gasteizko herritarren inplikazioa azpimarratu dute.

Hala Bedi @halabedi 2019ko apirilaren 09a
Azken eguneko egitaraua aurkeztu dute. (Argazkia: Korrika)

21.Korrika ekuatoreraino iritsi aurretik aurkeztu dute Korrika amaiera jaia. Igandean lehertuko da jaia, Gasteizen, 12:30ak pasatxo.

Ekitaldiari dagokionez, Edurne Azkaratek eta Aitziber Perez de Karkamok aurkeztuko dute Andra Maria Zuriaren plazan. Mezuaren igorlea nor izango den jakiteko azken ordura arte itxaron beharko da, ohi gisan.

Herri mugimenduko adierazpide ugari egongo dira azken egunetako kilometroetan eta, bereziki, bat nabarmendu dute: kilometro trabestia: “Trabestitzera animatu gaituzte, 10:30ean Juan Carlos I.an”.

Emakumeen eta arabarren presentzia

Ez dute zalantzarik: eguraldia lagun izango da igandean Arabako hiriburuan. Horrez gain, emakumeen presentzia bermatzen ahalegindu direla jakinarazi dute, Gasteizko herri eragile ezberdinekin osatu duten programarekin.

Gune guztien artean, bat azpimarratu dute: Burullerias plaza, Alde Zaharrean. Bertan, soilik Arabako produktuak –Klika garagardoa barne– eta herrialdeko artistak egongo dira.

Albiste hau Hala Bedik argitaratu du eta Creative Commons lizentziei esker ekarri dugu ARGIAra.