Neurri gogorragoak eskatzen dituzten ahotsak aditzen ditut komunikabideetan. Nire apaletik eta nire ezjakinetik, hausnarketa paralelo edo zeharkako batzuk egin nahi ditut. Wuhango kaleetako irudi ikusgarriek, Txinako agintariek hartutako neurriek, jarraitu beharreko bidea erakutsi zieten mundu zabaleko gobernuei; erakutsi, lehenik eta behin –soka luzeko erakuspena–, ez dela, garai hau, eztabaida demokratikoa bezalako txorakerientzako garaia.
Ontzat eman zen alarma behar zela, osasun-instituzioetan ondo kokatutako espertoen iritzia. Gobernuek ez zuten aditu bestelako arrazoirik, gauzak bestela egitea proposatzen zutenen ahotsak eta datu basikoak, datu konparatiboak isildu zituzten; geroz goiti, koronabirusak eragindako kutsatuak eta hildakoak zenbatzera mugatu dira.
Arduradun politiko, mediku eta mediatikoek ez digute gogorarazi koronabirusak betidanik kutsatu izan dituela gizakiak. Ez digute gogorarazi neguero sasoi-gripeak jota zenbat jende eritzen eta zentzen den. Egun-eta-berealdiko birus inauditoki arriskugarriaren bertsioa eta alerta-estatuaren beharra dudan jartzea izango zen.
Ezin da eztabaidatu. Ezin da pentsatu. Aginduei segitu, besterik ez dugu. Ohiko gerretan bezala, isilarazi egiten dira agintearen estrategiarekin bat egiten ez duten ahotsak.
"Beldurra birusari, beldurra aldamenekoari, ziudadano ona ez izateari beldurra... Literaturako hil-bizikoek daukatena bezalako beldurra: erabat hiltzeari bezain, erabat bizitzeari beldurra"
Esaten dutenak, nahikoa zatekeela, epidemia honi aurre egiteko, kontuz ibiltzea eta gutxieneko gomendio batzuei kasu egitea. Esaten dutenak, birus hau ez dela inoizko hilgarriena, eta berak eragindako heriotzak ez direla beste edozein gaitzek eragindakoak baino deitoratzekoagoak. Esaten dutenak, garapen-modeloan bilatu behar direla kausak, eta haren norako-aldatzean, soluzioak. Esaten dutenak, gaitza bera baino, okerragoak izaten ahal direla hartzen diren erremedioak. Esaten dutenak, beldurra dela benetako gaitza...
Beldurra birusari, beldurra aldamenekoari, ziudadano ona ez izateari beldurra... Literaturako hil-bizikoek daukatena bezalako beldurra: erabat hiltzeari bezain, erabat bizitzeari beldurra.
Galarazi digute ezezagunekin hitz egiten, lagunak besarkatzen, gaixoak artatzen, familiarekin egoten. Sarritan minduta baina, denei uko egiteko prest egon gara, inor kutsatzeko edo gu geu gaixo erortzeko arriskuaren aurrean. Esaten dugu: “Auzolaguna kutsatzen badut...” Edo: “Ez nioke neure buruari barkatuko, ama kutsatzea”, sinisturik-eta guztiz probablea dela kutsatzea... egiatan, agidanez, zentzuzko neurriak hartuta, oso inprobablea denean.
Nola aldatu diren, kolpez, gure sentimenduak...! Niri, halako larritasuna etorri zait; begitandu zait, ihes egiterik ez dagoen bide batean gabiltzala... Gainetiko balore guztien gainean jarri da superbibentzia.
"Ez naiz ikaragarri hipotesizalea, baina gertaldi hauen atzean, osasun-industrien eskua, estatuek beren burua arraindartu nahi izatea eta, denak bat, esperimentu sozial handia ikustea, ez zait gehiegikoa iruditzen"
Ez naiz ikaragarri hipotesizalea, baina gertaldi hauen atzean, osasun-industrien eskua, estatuek beren burua arraindartu nahi izatea eta, denak bat, esperimentu sozial handia ikustea, ez zait gehiegikoa iruditzen. Eskala orain arte ezezaguneko esperimentua, izu-pelikuletan baino ikusi ez genituen eszenak eragiten ari dena gure artean. Milaren artean, ondorio prebisible bi: gero eta kontrolatuago egongo gara, eta, gero eta gehiago, on-line biziko gara.
Egun hauetan, akaso arruntean baino gehiago, elkartzen eta elkarrengandik bereizten gaituzten makinei begira gaude; nire iritzi apalean, espiritu ireki eta kritikoak izateko trabagarri zaizkigunak. Makinaren baitakoagoak izan, eta nekezago izango zaigu diktaduraren eta gezurraren mundutik askatzea. Aditu dugu, koronaren aitzakian, kolpean, libertaterik oinarrizkoenak ezabatu dituztela... Ez da, behintzat, kolpean izan: lurra landuta zegoen.
Makinatuta, bakanduta, sometituta... Kondizio guztiak ematen dira, ohiz kanpokoa arruntu dadin. Zergatik ez, datorren urtean, beste birus bat etortzen denean...? Ez da jadanik izango, Txernobilen izan zen bezala, behar biziz, ezpada, orain ezkero... halabeharrez. Aste hauetako agin-hitza: bakartzea, bera da oroz gain saihestu behar duguna. Gure hitzak, berriz, beldurretik, obedientzia itsutik, bizitza eurekin daramakiguten makinetatik apartatzea, eta elkarrengana biltzea, izan behar lukete.
Ero-hitzak, honenbestean; badakit.