Osakidetzan arratsaldeko ebakuntzak, kanpo-kontsultak eta proba osagarriak ez dira normaltasunera itzuli. Koronabirusa ez, beste gaixotasunen bat duten milaka herritarrei eragiten die horrek, iazko datuen arabera.
Nekane Murga Osasun sailburuak maiatzaren 30ean emandako datuen arabera, "Osakidetzak goizeko txandan jarduera kirurgikoaren ia %100 berreskuratu du". Ez du zehaztu zenbat ebakuntza egiten diren goizeko txandan eta zenbat arratsaldekoan. Aurreratu du "ekainean arratsaldean ere ebakuntzak programatzen hasiko" direla.
Onartu du kanpo-kontsultek eta proba osagarriek pandemiaren aurreko martxara iristeko gehiago falta dutela: %40-%70ekoa da egungo jarduera.
2019an 152.209 interbentzio kirurgiko egin ziren, egindako proba osagarriak 430.113 izan ziren eta ospitaleetan egindako kontsultak 4 milioi eta erditik gora izan ziren. Hiru kopuru horiek urtez urte gora egin dute azken bost urteetan. Osakidetzaren 2019ko memorian kontsultatu daitezke datu guztiak.