argia.eus
INPRIMATU
Koronabirusari erantzuteko 1.300 irakasle kontratatuko dituzte Hego Euskal Herrian
  • 600 irakasle gehiagorekin erantzun du Nafarroako Gobernuak, eta 669 langile gehiago jarri nahi ditu lanean Eusko Jaurlaritzak.

     

     

Jone Markuleta @JMarkuleta 2020ko urriaren 08a
Hezkuntza alorreko sindikatuek urriaren 2an Bilbon egindako mobilizazioa (Argazkia: Ecuador Etxea)

Irailean, hezkuntzako eragile eta sindikatuek eskoletara itzulera segurua eskatu dute. Ildo horretan, Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak egin asmo dituzten kontratazioen kopuruak zehaztu dituzte. Nafarroako Gobernuak adierazi duenez, 600 irakasle gehiagorekin erantzun diete koronabirusak azaleratutako beharrizanei. Eusko Jaurlaritzari dagokionez, Berriak jakinarazi du datozen egunetan 669 langile gehiago martxan jartzeko asmoa duela. Jaurlaritzako Hezkuntza sailak ez ditu postuak zehaztu, baina Berriak jaso duenez, sare publikora bideratuak egongo dira irakasleak. Euskera eta digitalizazio arloetara batik bat.

Nafarroako Gobernuak, bestalde, adierazi du irakasle berrien ehuneko handi bat publikora joango dela, eta gainontzekoa itunpeko eskoletara. 2,9 miloi euroko aurrekontua onartu du gobernuak, aurtengo eta hurrengo ikasturteetan sare publikorako irakasle gehiago kontratatzeko. Irailean onartutako lege batean jaso zuen inbertsio hori. Aurrerantzean hartu nahi dituzten neurrien artean daude ondokoak: 57 urtetik gorako hezitzaileen lan orduak murriztea, eta Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako zuzendaritzan jarduteko denbora areagotzea.

Sindikatuek, asteazkenean Jaurlaritzarekin egindako bilerari dagokionez, balorazioak egin zituzten. Kexu agertu ziren hainbat. ELAk, adibidez, adierazi zuen "alde bakarrez" jardun zuela Hezkuntza sailak, eta ez zutela tarterik izan irizpide, neurri eta baliabideak negoziatzeko. LABek, bestetik, adierazi zuen 669 irakasle ez direla nahikoak eta Jaurlaritza " irizpide itxiekin" joan zela bilerara.