Kultur jardueretako eta kirol ekitaldietako espazio handietan %60 izango da edukiera; barneko guneetan, %40. EAEn, baliteke LABIk neurriak are gehiago murriztea irailaren 20an. Ipar Euskal Herrian, berriz, asteazkenean iragarri zuten merkataritza-gune handietan ez zela osasun ziurtagiririk beharko.
Koronabirusari aurre egiteko neurriak malgutu dituzte Nafarroan. Arau berriak ostegunetik ostiralerako gauerdian, hau da irailaren 10ean sartuko dira indarrean eta irailaren 16ra arte luzatuko dira. Kultur eta kirol jardueretako edukierari eragingo diote bereziki.
Zehazkiago, irailaren 8an iragarritako neurriek zinema, antzoki, auditorio eta antzekoetan bildu daitekeen lagun kopurua handituko dute: 5.000 pertsona baino gehiagorentzako lekua duten esparru irekietan, edukiera %60 izango da eta 2.400 lagunentzako espazio duten gune itxietan, berriz, gehienezko aforoa %40ra igoko da. 2.400 leku baino gutxiago dituzten establezimendu kulturaletan, %75 izango da edukiera, betiere, aurrez esleitutako besaulkiak egon behar diren arren. 1.000 eta 2.400 lagunentzako edukiera duten lokaletan, jabeek erantzun adierazpen bidez bermatu beharko dute CO2 neurgailuak dituztela, eta maskararen erabilera derrigortzen dutela.
Kirol lehiaketa eta ekitaldietan (futbol estadioetan eta saskibaloi kantxetan kasu), kanpoko espazioek %60ko gehienezko edukiera izango dute, eta barneko espazioetan %40 izango da aforoa. Bertan, ezin izango da ez jan ez edan, eta musukoaren erabilera derrigorrezkoa izango da.
Dena ondo bidean, hilaren 16a eta gero, neurriak are gehiago malgutuko dituela adierazi du Nafarroako Gobernuak. Javier Remirez presidenteordeak azaldu du hilaren 17an planteatuko dutela ostalaritzarako ezarrita dauden arauak aldatzea.
LABI instituzionalak irailaren 1ean malgutu zituen neurriak EAEn. Momentuz, gehienezko okupazioa %35etik %60ra igo da, ostalaritzan ezik –%50 da taberna eta jatetxeetako aforoa–. Kultura eta kirol ekitaldietan, berriz, 600 lagun egon daitezke gune itxietan, eta 800 irekietan. 600 eta 5.000 pertsonarentzako lekua dagoen espazioetan ere 800 pertsona bildu ahalko dira esparru itxia bada, eta 1.200 irekia bada.
Nafarroan ez bezala, 5.000 lagun baino gehiagorentzako lekua badago (futbol estadioen kasua da hau), %30ekoa izango da muga. Halere, irailaren 20rako baliteke LABIk ezarritako neurriak are gehiago malgutzea.
Ipar Euskal Herrian, berriz, irailaren 6an iragarri zituzten azken arau aldaketak. Abuztuaren 17tik aurrera, herritarrek derrigorrez erakutsi behar zuten osasun ziurtagiria 20.000 metro karratutik gorako merkataritza-guneetan sartzeko. Paueko Auzitegiak, halere, ezeztatu egin du Pirinio Atlantikoetako prefetaren agindua.
Lapurdiko bi merkataritza-guneetan zen beharrezkoa ziurtagiria erakustea: Baionako Ametxondon eta Angeluko BAB2n, EITBk jakinarazi zuenez. Orain, Frantziako Gobernuak intzidentzia 200 baino handiagoa den guneetan baino ez du derrigortzen ziurtagiria erabiltzea, musukoa oraindik beharrezkoa den arren.