Koronabirusaren munduko osasun-krisiak zeharkako ondorio ekonomiko eta finantzario oso garrantzitsuak eragin ditu, eta areagotu egingo dira, ziurgabetasuna handitu eta birus hori desagerrarazteko neurri eraginkorrik aurkitzen ez den neurrian. Ekoizpena, kontsumoa, turismoa, aisialdia murriztea, burtsen beherakada handiak, desazelerazioa... dira ondorio horietako batzuk.
Testuinguru horretan, jadanik ikusten ari gara mugimenduak enpresetan, politikaren arloan eta nazioartean, gobernuei xantaia egiteko eta saihesteko langileei mesede egin eta hain interesei kalte egingo dieten neurri oro, izan sozialak nola laboralak. Espainiako Estatuan PPren jarrerarekin ikusten ari gara hori, baita Nazioarteko Diru Funtsarenarekin ere. Era berean, neurriak proposatzen ari dira gobernuak izan daitezen krisi honen ondorio ekonomiko eta enpresarialen erantzule. Espainiako Estatuan, igaro berri dugun krisi ekonomikoan 60.000 milioi eurorekin erreskatatu zituzten bankuak, baina ez dute inoiz diru publiko hori itzuli.
Orain Kapitala berriro ari da Espainiako Gobernuaren politikak baldintzatu nahian. Egoera baliatu nahi dute, besteak beste, lan erreforma indargabetu ez dezan; pentsioen erreforma urardotzeko; aurreikusitako zerga berriak saihesteko –Tobin tasa edo operadore teknologiko handienei ezarriko zaiena, esaterako– edo sozietateen zerga bera ez handitzeko.
Gizarte mugimenduek, sindikatuek eta alderdiek oso adi egon beharko lukete, Kapitalak, beti bezala, martxan jarri baitu xantaiaren makina. Bankuen erreskate publikoarekin egindako gauza bera egin nahi dute koronabirusaren krisiarekin: beste erreskate publiko bat. Galerak sozializatzea eta haien milioi askoko etekinak pribatizatzea lekarke berriz ere. Kapitalismo gordinena.