argia.eus
INPRIMATU
Koronabirusaren txertoa eta gripearena konbinatu nahi dituzte Britainia Handiko zientzialariek
  • VMIC zentro bioteknologikoak datorren hilabeteetan ekingo dio ikerketari. Lortuko balute, immunizazio programa arinduko litzateke, eta koronabirusaren hirugarren dosia azkarrago jasoko lukete arrisku taldeek. 2022an hartuko du zentroak Britainia Handiko txertaketaren gaineko ardura.

Iraitz Madariaga Etxebarria 2021eko abuztuaren 19a
2018tik eraikitzen ari diren VMIC zentroa. Argazkia: vmicuk.com

Britainia Handiko zientzialariek koronabirusaren eta gripearen aurkako txertoak konbinatu nahi dituzte. Txertoen Fabrikazio eta Berrikuntza Zentroa (VMIC, ingelesez) datozen hilabeteetan hasiko da aukeraren bideragarritasuna ikertzen. Dena ondo badoa, 70 milioi dosi izango dituzte prest lauzpabost hilabete barru. 

Zentroko zuzendari Matthew Durchars-ek The Telegraph hedabideari adierazi dionez, immunizazio programa arintzen lagunduko luke bi txertoak batera emateak, bereziki orain, gripea neguan hasten baita zabaltzen. “Demagun urtero txerto bat inokulatu behar dugula, eta jendeak injekzio bat behar duela gripearentzat, bat koronabirusarentzat eta beste bat beste zerbaitentzat. Denak batean jar baditzakezu, hobea izango da”.

Koronabirusaren aldaera berriak agertuz doazenez, osasun aldetik zaurgarriak diren biztanle askok booster txertoa edo hirugarren dosia jarri beharko dutela zabaldu da Britainia Handian. Metro News komunikabideak azaldu du, behin txertaketa prozesu orokorra amaituta, VMIC zentroak hartuko duela dosi horiek ematearen ardura 2022an. 

Ikerketa taldea

VMIC hainbat unibertsitate britainiarren ekimenez eta gobernuaren finantzaketaz (252 milioi euro) sortutako zentroa da. Zentro bioteknologikoan Oxfordeko Unibertsitateak, Imperial College Londonek eta Londreseko Higiene eta Medikuntza Tropikaleko Eskolak hartzen dute parte.