argia.eus
INPRIMATU
Koronabirusaren testak: nori sinetsiko diozu, Osakidetzari ala Munduko Osasun Erakundeari?
  • Nekane Murga EAEko Osasun sailburuak larunbat honetan iragarri du Osakidetzako 35.000 langileei test azkarrak egingo dizkietela, baina oraindik froga horien inguruko galdera asko airean daude.

ARGIA @argia 2020ko apirilaren 19a
Arabako ESIko buruaren arabera, laborategiak ez dira ari topera lanean krisi honetan. Horrek zalantzak eragin ditu EAEn testak egiteko hartutako estrategiaren inguruan.

Igande honetako Garan Beñat Zaldua kazetariak esplikatu duenez, EAEn horretarako prest dauden laborategiak lanean jarriko balira, Osakidetzako langileek PCR testak hiru egun pasatxoan eduki ahalko lituzkete. Zergatik ez da aukera hori baliatzen?

Joan den ostegunean Radio Vitoria-ri egindako adierazpenetan Arantxa Mendizabalek, Arabako Erakunde Sanitario Integratuaren laborategi eta analisi klinikoko buruak, adierazi zuen laborategiak ez direla ari topera lanean, orain egiten ari direna baino test gehiago egin ditzaketela. Alegia, osasungintzak profesionalei ere frogarik egin ez zaizkien asteak bizi izan ditugun arren, laborategiak ez dira aritu euren gaitasun osoa erabiltzen. Zerbait ez dator bat egoerarekin, Zalduak Gara-n nabarmendu duen moduan.

Gainera, auzitan dago zein den egin beharreko test mota. Orain arte egindako gehienak PCR motakoak dira, oraingoz fidagarrienak, oso hasierako fasean dagoen kutsatze bat ere detektatzen dutelako. Hori bai, ez dute iragandako kutsatzerik detektatzen. PCR test batek adierazten du birusa pertsona baten organismoan dagoen, ez aurretik egon den. Antigorputzen testek, aldiz, fidagarritasun txikiagoa dute eta askotan PCR bat behar izaten dute diagnostikoa baieztatzeko. Alegia, gorputzak sortu dituen antigorputzak detektatzen ditu eta hortik ondorioztatzen du norbaitek gaitza jada pasa ote duen.

Immunitate-testak PCRak baino nahiago?

Bada, bi test horiei buruz ari zela, Mendizabalek adierazi zuen  PCRak ez direla "denarentzat erantzuna", eta adibidez populazio mailako analisiak egiteko ez direla abiapuntu onena, “momentu honetan kutsatuta dauden pertsonak bakarrik erakutsiko dizkigulako”. Mendizabalen hitzetatik ondorioztatzen da Osakidetzaren lehentasuna immunitate kolektiboa zenbatekoa den determinatuko lukeen test mota egitea dela, horregatik antigorputzak detektatzen dituzten frogei lehentasuna ematea.

Baina kasuak detektatu eta pandemia kontrolpean edukitzeko, PCRak izan dira tresnarik fidagarriena orain arte. Hori erakusten du Hego Koreako kasuak ere: ostiral honetan Seulek txosten luze bat argitaratu du, herrialdean Covid-19a nola kontrolatu duten esplikatuz. PCR siglak behin baino gehiagotan agertzen dira, antigorputzen inguruko testak ez dira aipatzen ordea.

Zergatik, orduan, bide horren ordez antigorputzak detektatzen dituzten frogen alde egin? Test horiek atzerrira eskatu behar izan dira eta puntu horri buruzko informazio askorik ez du zabaldu Jaurlaritzak. Gainera, Mendizabalek Radio Vitoria-ko elkarrizketan adierazi zuen froga horietako askok ez dutela balio, benetako positiboak detektatzeko duten gaitasuna %40tik beherakoa delako. Baina gero azaldu zuen “Donostiako lankideek” probatu dituztela Osakidetzak eskatutakoak eta “perfektuak” direla.

MOEk immunitate-testez dioena

Munduko Osasun Erakundean ez daude hain ziur baieztapen horrekin. BBCk jasotako adierazpenetan, Maria van Kerkhovek, agertu berri diren gaixotasunen unitateko arduradunak, esan du herrialde asko ari direla iradokitzen, Osakidetza hartzen ari den ildoan, "diagnostikorako froga serologiko azkarrak erabiltzea, populazioaren ustezko immunitate maila lortzeko”. Baina MOEko kidearen ustez, “momentu honetan ez daukagu ebidentziarik baieztatzeko froga serologiko bat erabiltzeak erakutsi dezakeenik norbanako batek immunitatea daukala edo berriz kutsatzeko arriskutik babestuta dagoela”.

Van Kerkhoveren arabera, “antigorputzen frogek neurtu ahalko dute seroprebalentzia maila, baina horrek ez du esan nahi antigorputzak dauzkan norbait immunizatuta dagoenik”. Ildo horretan, Gara-n gogora ekarri dute Hego Koreak joan den astean 91 kasuren berri eman zuela, zeinetan alta jaso zuten pazienteek, ustez immunizatuak, berriz ere positibo eman duten. Berriz kutsatu ote diren aztertzen ari dira baina, edonola ere, gogora ekartzen dute oraindik oso gutxi dakigula mundua dantzan jarri duen koronabirus honi buruz.