Espainiako Gobernuko osasun, garraio, barne eta defentsa ministroek igande gauean egindako agerraldian alerta egoeraren neurriak azaldu dituzte. Horien artean, gobernuak osasun sistema pribatuan esku hartzea, kaleetan militarren areagotzea eta garraio publikoaren gutxiagotzea daude, besteak beste.
Martxoaren 14an dekretatutako alarma egoerarekin, hamabost egunez Espainiako Gobernuak du estatuaren eskuduntza osoa. Aipatutako lau ministerio horiekin, estatuaren gidaritza Madriletik egiten da. Igandeko agerraldian, ministro bakoitzak bere neurriak azaldu ditu.
Osasun ministerioa
Salvador Illa Espainiako Osasun ministroak azaldu du osasun-sistema pribatuko instalazioak koronabirusari aurre egiteko erabiltzea autonomia erkidegoetako kontseilarien esku geratzen dela. Hori horrela, autonomia erkidegoetako kontseilariek eskumena izango dute eraikin publiko zein pribatuetan izurritea tratatzeko guneak ezartzeko.
Horrez gain, espezializaziorik ez duten mediku egoiliarren errotazioak bertan behera utzi ditu ministroak, hauek behar handiena dagoen arloetan ibil daitezen. Espezializaziorik ez duten lizentziatuak kontratatzeko baimena eman du baita ere, betiere mediku egoiliarra izateko azterketa pasatu badute edota Europar Batasuneko beste herrialde baten lortu badute espezializazioa.
Osasun eta higiene materiala duten edo ekoizten duten norbanako eta enpresei gobernuari jakinarazi behar diela adierazi du Illa ministroak, eta hori egin ezean isuna jasoko dutela.
Defentsa ministerioa
Margarita Robles defentsa ministroak jakinarazi du ospitale militarretako baliabideak gobernuaren esku geratuko direla; baita erreserban dauden medikuak eta kanpainako oheak ere. Etxegabeei begirako neurriak ere jakinarazi ditu; Larrialdietarako Unitate Militarrak (UME) eta Lurreko armadak elikagaiak banatuko dizkiete.
Kaleetan militarren presentzia areagotu egingo dela jakinarazi du Roblesek, “agindutako neurriak betetzen direla ziurtatzeko”, Guardia Zibila eta poliziarekin elkarlanean.
Garraio ministerioa
Ehuneko 50era jaitsiko da errepide, tren eta aire bidezko garraio publikoa, aldirietako garraioa izan ezik, Jose Luis Abalos ministroak azaldu bezala. Renfe, estatuko tren enpresak heren batera jaitsi du bere jarduna; guztira %85 jaitsi dira garraio zerbitzu publikoek eskainitako plaza kopurua, “bidaiari eta langileen artean birusa hedatzea saihesteko”.
Barne ministerioa
Presoei baimenak eta ohiko komunikazio bideak debekatuko dizkietela jakinarazi du Fernando Grande-Marlaska barne ministroak. Horren ordainetan, telefono bidezko deiak egiteko baimenak areagotuko dizkietela esan du.
Estatuko mugak ixteari buruz, datozen orduetan erabakiko dela esan du, “beste herrialde europar batzuekin elkarlanean". Dena den, ezarri diren neurriekin Madrilera sarrerak %61 jaitsi direla adierazi du, eta positiboki baloratu du.
Esker ona
Guztiak ala guztiak “pozik” agertu dira herritarren erantzunagatik. Jendearen elkartasuna azpimarratu dute, etxean geratzeagatik. Horrez gain, larunbatean eta igandean osasun-langileei egindako omenaldiei batu zaizkie, iluntzeetan etxeetatik entzuten diren txalo zaparradei berea gehituz.