Neurriak gaur iragarri dituzte, eta irailaren 1ean sartuko dira indarrean. Tabernen edukiera %50era eta futbol estadioena %30era igoko du batzorde instituzionalak. Ostalaritzan, mahaiaren bueltan bildu daitezkeen pertsona kopurua seitik zortzira igaroko da. Azken sei hilabeteetan gaixotasuna pairatu dutenak berrogeialdia egitetik salbuetsita egongo dira.
LABI instituzionalak koronabirusari aurre egiteko hainbat neurri malgutuko dituela iragarri du gaur. Irailaren 1ean aplikatuko dira aldaketok, eta edukierari eragingo diote, batez ere.
Gehienezko okupazioa %35etik %60ra igoko da asteazkenetik aurrera. Ostalaritza da salbuespen bakarra: edukiera %50ekoa izango da tabernetan eta jatetxeetan, baina mahai inguruan bildu daitezkeen lagun kopurua seitik zortzira aldatuko da. Barran edo zutik kontsumitzeko debekua mantendu egingo da.
Gizarte, kultura edo kirol ekitaldietan, 600 pertsona bildu ahal izango dira toki itxietan, eta 800 lagun, gune irekietan. 600 eta 5.000 pertsonarentzako lekua dagoen espazioetan ere 800 bildu ahalko dira esparru itxia bada; tokia irekia izanez gero, 1.200 sar daitezke. 5.000 lagun baino gehiagorentzako lekua duten eremuetan, berriz, %30ekoa izango da muga. Futbol estadioen kasua da hori, edukiera %20tik %30era igoko baita.
Asteleheneko bileran, LABIk beste hainbat zuzenketa iragarri ditu. Musukoari dagokionez, hondartzetan eta igerilekuetan beharrezkoa izango da bere erabilera, pertsonen arteko bi metroko distantzia bete ezin denean.
Zaintza epidemiologikorako protokoloaren eguneratzearekin, berrogeialdia egiteko salbuespenak ere iragarri dituzte. Sei hilabete lehenago koronabirusa igaro duten pertsonei eragingo diete: azken 180 egunetan positibo eman duen pertsona batekiko kontaktu estua izan badute, baina asintomatikoak badira, ez dute berrogeialdirik egin beharko. Halere, interakzio sozialetan maskararen erabilera areagotzeko eskatu dute.