Asteburuaz geroztik neurriak gogorragoak dira Ipar Euskal Herrian eta urriaren 20tik aurrera are zorrotzagoak izan daitezke. Eusko Jaurlaritzak ere neurri zorrotzagoak aurkeztu ditu eta Justizia Auzitegi Nagusiaren berrespenaren zain dago. Litekeena da Nafarroak ere neurriak gogortzea.
EAEn neurri berriak abian jartzeko zain
EAEn, eta batez ere Gipuzkoan, nabarmen handitu da kutsatuen kopurua. Ostiral eta larunbatean, 100.000 biztanleko 800 kasu baino gehiago zenbatu dira, pandemia hasi zenetik jaso diren datu okerrenak dira. Gipuzkoak astebete darama orain arteko intzidentzia tasarik altuena ematen.
Iñigo Urkulluren Gobernuak, honenbestez, hamar lagunetik seira murriztu ditu bilera publiko eta pribatuak. Ez da guztiz argitu betebeharra edo gomendioa den. Edukiera %50era murriztuko da ostalaritzan (terrazetan izan ezik), kultur eta erlijio ekitaldietan. Kirol partidetan 400era jaitsi da kopurua esparru itxietan, eta 600 lagunetan mantenduko da kanpoko esparruetan. Elkarte gastronomikoak itxiko dira. Ordutegiak ere aldatu egingo dira: parkeak, lorategiak eta haurrentzako jolasguneak 23:00etan itxiko dira, eta ostalaritzak gauerdian itxiko ditu ateak. Azkenik, federatu gabeko kirol lehiaketa guztiak bertan behera geratuko dira. Neurri murriztaileen eskaera gaur erregistratuko du Eusko Jaurlaritzak EAEko Justizia Auzitegi Nagusian. Garbiñe Biurrun Auzitegiko behin-behineko lehendakariak Euskadi Irratiari adierazitakoaren arabera, beranduenez ostegunean emango du agindua Auzitegiak.
Ipar Euskal Herrian espazio publikoetan sei pertsona baino gehiago biltzea debekatu dute
Jean Castex Frantziako lehen ministroak osasun larrialdia ezarririk urriaren 17az geroztik, neurriak gogortu dituzte Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa biltzen dituen Pirinio Atlantikoetako departamenduan ere.
Eremu publikoan sei pertsona baino gehiago biltzea debekatu dute; eremu pribatuan berriz muga hori errespetatzea “gomendatua” zaie. Debeku horri buruzko salbuespenak zerrendatu ditu Eric Spitz Pirinio Atlantikoetako prefetak: aldarrikapen manifestazioentzat, izaera profesionaleko bilkura eta jarduerentzat, bidaiarien garraio zerbitzuentzat, publikoa hartzen duten aire libreko eraikinentzat, hileta zeremonientzat, profesionalek antolatutako bisita gidatuentzat eta merkatuentzat. 1.500 pertsona baino gehiagoko ekitaldiak prefeturan deklaratu behar dira, orain arte bezala.
Horrez gain, maskara eramatearen bermea ez badute segurtatzen, edaria edo janaria eskaintzen duen ekitaldi pribatu oro debekaturik dute.
Egoera okertuko balitz, are gehiago zorroztuko dituzte murrizketak, prefetak argi utzi duenez. Besteak beste, ostatuek 23:00etarako ixtea aginduz. Jada egoera gogorragoa dute asteburu honetaz geroztik: ostatu eta jatetxeetan gehienez ere sei pertsona batzen ahal dira mahai bakoitzean, eta kadiren artean metro bateko distantzia atxiki behar dute gutxienez.
Nafarroako Gobernuak emandako azken datuaren arabera, azken orduan positibo kopuru handia jaso dute: 467 kasu PCR eta antigenoen 2.719 proba eginda. Alegia, positibo tasa %17,2koa da astelehenez.
Uxue Barkos lehendakari ohi eta Geroa Baiko buruak Radio Euskadin igande eguerdiz adierazi zuen aste honetan neurri murriztaile gehiago hartuko direla Nafarroan.
Noticias de Navarra egunkariaren arabera, neurri murriztaileak iragarriko diren eguna asteazkena izan daiteke, batetik gobernu kontseiluak pandemiaren gaia jorratuko duelako, eta bestetik, Espainiako Estatuko erkidegoek Osasun Ministerioarekin bilera dutelako. Diario de Navarrak dioenaren arabera, berriz, litekeena da Nafarroako Gobernuak gaur egitea pandemiaren jarraipenerako bilera eta neurri berriak iragartzea.
Gaur egun Nafarroan urriaren 13an indarrean jarritako neurriak daude. Eremu itxietan aforoa %30-40koa da; ostalaritzak ateak ixten ditu 22:00etan eta bilkura pribatu eta publikoak sei pertsonara mugatuta daude.