argia.eus
INPRIMATU
Koronabirusaren kudeaketa kritikatzen duten ikasleak Estatuari salatzea eskatu zaie Iparraldeko irakasleei
  • Frantziako hezkuntza ministeriotik Ipar Euskal Herriko eta Frantziako Estatuko irakasleek maiatzaren 4ean jasotako dokumentuan agertzen da umeen salatzeko eskaera. Hezkuntza arloko sindikatuen haserrea piztu du galdetutakoak.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2020ko maiatzaren 13a
Babes-neurri zorrotzak jarraikiz ireki dituzte ikastetxeak umeei maiatzaren 12an

Frantziako Hezkuntza ministeriotik jaso dute eskaera: Koronabirusaren kudeaketari buruzko eta "itxura guztien arabera ezin onartuzko adierazpenak" egin dituzten ikasleak Estatuari salatu beharko dituzte Ipar Euskal Herriko eta orokorki Frantziako Estatuko irakasleek. Maiatzaren 11an ikastetxeak berriz irekirik, koronabirusaren testuinguruari dagokionez irakasleei luzatu gomendio multzoan irakurri daiteke eskaera. Ondokoa irakurri daiteke maiatzaren 4ean jaso zuten dokumentu ofizialean: "Herritar ororen babesa ahalbidetzeko gisan beharko da (ikaslearen) erreferentzia Estatuko agintariari bideratu, polemika batean sartu gabe".

Adierazpenei buruzko zehaztapenik ez da dokumentuan, baina Hezkuntza Ministerioak France Info komunikabideari zehaztu dio "babes-neurrien errefusa" edota "teoria konplotisten zabalpena" izan daitezkeela arrazoien artean.

Beste hainbat gomendio fitxa ere dira kezkagarriak, demagun “COVID-19 eta desbideratze sektarioak” dokumentua. Ikasleen zelatatzea eskatua zaie argiki irakasleei. "Desbideraketa" batean egon daitezkeen ikasleak "identifikatzea" ere galdetua zaie: "Arretaz zaindu behar dira osasun publikoari buruzko gomendioen aurka ala dudakor diren – eta ideologia ala sinesmen batzuen jarraikitzaile diren– arduradun legalen umeak". Bestalde, "ikasleen izpiritu kritikoa" garatzea galdetua zaie ere, "desinformazioaren, fake news-en, zurrumurruen eta teoria konplotisten kontrako borroka hobeto bideratzeko gisan". Koronabirusaren krisiari aurre egiteko erabakiak eta neurriak alde-bakarrekoak eta eztabaidarik gabe hartutakoak diren testuinguruan, "desinformazioaren" atzean Frantziako Gobernuak jartzen duena galdezkagarria da.

Sindikatuak haserre

Hezkuntza arloko sindikatuen haserrea eragin du manu horrek: "Krisiaren kudeaketa zalantzan ez jartzea galdetua zaigu", Francette Popineau Snuipp-FSU sindikatuko idazkari nagusiak deitoratzen duenez. Gomendio batzuk "ideologikoki problematikoak" direla dio Frederique Rolet Snes-FSUko idazkari nagusiak, ondokoa gehituz: "kritika oro debekaturik dela dirudi". Nola ez, irakasleen eta gurasoen artean ere piztu ditu haserrea eta kezka dokumentu ofizial horrek.