Espainiako Estatuko espetxeetan egiten ari diren krisiaren kudeaketa ezaz manifestua atera dute Salhaketak, Sarek eta Etxeratek, eta manifestura atxikitzeko deia egin dute. Nazioarteko erakundeek egindako gomendioak eta neurriak ez dira hartu Espainiako Estatuan.
Manifestuak jasotzen duen kritika zerrenda luzea da. Besteak beste, diotenez, “testa egiteko aukera ez zaie eman espetxeratu guztiei eta espetxeetako funtzionario guztiei; osasun arretari dagokionez, espetxeetara egokitutako prebentzio eta laguntza egitasmorik ez da diseinatu eta are gutxiago aplikatu; ez da bete intimitaterako eta tratu duinerako eskubidea bermatzen duen eta zelda bakoitzean pertsona preso bakarra eduki litekeela dioen legezko araua; senideekin komunikazioa ez da beti bermatu...”.
Preso gaixoak, etxera
Manifestua astearte honetan aurkeztu dute. “Orain dela gutxi hiru presoei graduan aurrera egiten utzi dieten bezala, kondenaren laurden bat baino gehiago bete dutenei edo gaixotasun larriak dituztenei graduan aurrera egiten uzteko eta beraien etxeetara bidaltzeko eskatzen diegu berriro ere espetxe erakundeei”, adierazi du Joseba Azkarragak (Sare).
“Orain hasten den deseskalada honetan, ahal den neurrian, presoak Euskal Herrira hurbildu beharko dira, baina salbuespenari eusten dieten iraganeko errezetei men egiten dieten atzerapenik gabe”, gaineratu du Urtzi Errazkinek (Etxerat)
Jaurlaritzak ere badu ardura
Azkenik, Eusko Jaurlaritzaren jarrera salatu du César Manzanosek (Salhaketa Araba), “EAEko kartzeletako osasun eta segurtasun arloko eskumena izanik, datuak ezkutatu dituelako eta ez direlako izurritearen transmisioarekin espetxeetan gertatzen ari zena eta gertatzen ari dena jakiteko behar diren probak egin”.
Manifestua lotura honetan irakurri dezakezu osorik.