argia.eus
INPRIMATU
Koronabirusaren krisia Italian: matxinadak kartzeletan eta militarren esku-hartzea
  • Italiako Gobernuak koronabirusa dela eta hartu dituen neurriak herrialdeko 27 kartzelatako presoen matxinadak piztu ditu. Italiar guztien mugimendu askatasuna murriztu du, presoei familiako kideen bisitak debekatuz. Horrez gain, birusaz kutsatuta dauden funtzionarioak daudela salatu dute, eta ez dela neurririk hartu espetxeen barruko hedapena saihesteko.

Maria Ortega Zubiate @ortegazubiate 2020ko martxoaren 10
Matxinoak Italiako kartzeletan.

Sei hildako utzi dituzte altxamenduek, horietako hiru gaindosiz, Modena hiriko presondegiko farmaziara sartu ondoren. Verona eta Alessandrian izan dira beste bi heriotza, eta azken hildakoaren kokapenik ez dute eman, segurtasun arrazoiak argudiatuta. Bitartean, Foggia hiriko kartzelatik 370 presok egin dute ihes, 70 atxilotu badituzte ere, beste 300 oraindik ihesean daude.

Carabinieriek dendak zarratzea gomendatu die Foggia inguruetako dendariei, segurtasunagatik. Horrez gain, Berlusconiren alderdi ohi Forza Italiak militarren parte hartzea eskatzen ari da. ISCResearch Nazioarteko Segurtasun eta Gatazken Ikerketarako taldeak militarrak Palermoko (Sizilia, Italia) espetxearen inguruetara mobilizatu dituztela jakinarazi du.

Martxoaren 22ra arte debekatu dizkiete presoei familiako kideen bisitak, herrialde osoko biztanleen mugimendu askatasunaren gaineko debekua dela eta. Presoek, protesta aprobetxatuz, beste eskari batzuk ere egin dituzte; zentroetako preso kopurua jaistea edo berrogeialdia beren etxeetan pasatu ahal izatea kasu.