Pandemiaren eta horren kutsagarritasunaren inguruan kaleratu diren ikerketek erakutsi dute leku itxietan askoz errazago hedatzen dela birusa aire zabalean baino. Airean dauden partikulak errazago saihestu daitezke aire zabalean egonda, eta udazkeneko agerraldi berriak horrekin izan dezake lotura: udan kalean denbora gehiago pasatzen dela udazkenean baino.
Hainbat estatutan egin dituzten ikerketek datu argiak erakutsi dituzte: leku itxietan kutsatzeko aukera hemeretzi aldiz altuagoa da aire zabalean kutsatzekoarena baino, Japoniako ikerketa baten arabera.
Txinako ikerketa batek aztertu ditu Hubeiko probintziatik kanpo agertutako 318 birusaren agerraldi, eta ondorioztatu du bat ere ez dela gertatu aire zabalean. Gehienak etxeetan edo garraio publikoan gertatu dira. Saltokietan kutsatu denik ere badago ordea, eta Txikan behintzat, horrelako kasu batek eragin ditu ondoren kutsatu kopuru handienak.
Kataluniako Clínic ospitaleko gaixotasun infekziosoetako sailetako buruak, Àlex Sorianok, adierazi du Txinako datuok ez direla kasualitatea. “Espazio itxietan jendeak kontaktu gehiago du eta denbora gehiagoz, eta errazagoa da egoera horretan kutsatzea, birusa airean zabaltzen denean baino”, adierazi du La Vanguardian.
Argudio horri lotuta, Vall d´Hebron ospitaleko sail bereko buruak, Benito Almirantek, adierazi du udazkeneko agerraldi berriek leku itxi eta irekiekin izango dutela zerikusia. Izan ere, udan jendeak kalean ibiltzeko joera handiagoa du. Udazkenean, leku itxietara bueltatzearekin batera, litekeena da kutsatzeek gora egitea.