argia.eus
INPRIMATU
Koronabirusaren aurkako txertoak hilekoan aldaketak eragiten dituela berretsi du ikerketa batek
  • Ikerketan ia 40.000 hilekodun pertsonek parte hartu dute eta haietatik ziklo erregularra dutenen %42k txertoaren ondoren odoluste handiagoa izan dutela ondorioztatu dute ikerketan.

Maddi Viana Zubimendi @maddi76_ 2022ko uztailaren 19a
Emakume bat Covid-19aren aurkako txertoa jasotzen. Argazkia: flickr.

Hilekoak koronabirusaren txertoarekin zein zerikusi duen jakiteko orain arteko ikerketa handiena izan da Science Advances aldizkariak argitaratu duena. 39.129 hilekodun pertsonek parte hartu dute, Katherine M. N. Lee-k eta Eleanor J. Junkin-ek diseinatutako ikerketan. Ondorioztatu dutenez, parte hartu duten pertsonen artean ziklo erregularra dutenetatik %44k txertaketaren ondoren aldaketarik nabaritu ez zuen arren, %42k odoluste handiagoa izan dute dosia jaso ondoren.

Horrez gain ikerketak dio normalean hilekorik ez duten pertsona batzuek odoluste intermenstruala izan dutela. Horien artean daude antisorgailuak hartzen dituzten pertsonen %71, tratamendu hormonala dutenen %39 eta menopausia pasa dutenen %61. Ikertzaileek adierazi dute aurkitutako emaitzek ez dutela alterazio larririk ematen, baina beharrezkoa ikusten dute kontuan hartzea “medikuntzan konfiantza sortzeko”.

Ikerketan parte hartu duten pertsona guztiek jaso zuten dosi osoa galdeketa egin baina 14 egun lehenago gutxienez eta ez zuten koronabirusa harrapatu.