Egunotan sare sozialetan ikusten ari garen irudiak dira: polizia geldi dagoen herritarra jotzen, edo lurrera botatzen, indarkeria baliatuz mobilizatzen, kalean dagoena gogor iraintzen edo haren aurka oldartzen… Alarma egoera hau polizia-indarkeria baliatzeko aitzakia ez dela gogoratuz, ekintza hauek guztiak ikertzeko eskatu dio plataforma batek Espainiako Barne Ministerioari.
Koronabirusaren krisi garaiotan, justifikatu gabeko indarkeria desproportzionala ari dira erabiltzen polizia agenteak eta hori da Defender a quien Defiende (Defendatzen duena Defendatu) plataformaren salaketa, El Saltok jaso duenez. Hainbat elkartek (tartean giza eskubideen aldeko borrokan ari direnak) osatzen dute plataforma eta Barne Ministerioari helarazi diote kexa, eskutitz batean. “Ekintza hauen guztien ardurak ikertzeko eta argitzeko barne-bideak erabiltzea” eskatu diote.
Michelle Bachelet Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen ordezkariak ere ohartarazia du larrialdi egoera ezin dela erabili errepresiorako, osasuna babestearen aitzakian. Herritarron eskubide oinarrizkoenak bermatu beharko lirateke, azken finean.
Ikusten baduzu, grabatu
Poliziaren ekintza hauek sare sozialetan salatzen ari direnek deia egin diete herritarrei, halakoak ikusten badituzte grabatzeko, ekintza horiek guztiak jasota gelditu daitezen, dagokionari gero kontuak eskatu ahal izateko.