argia.eus
INPRIMATU
Koronabirusa ¡ren izurritea dela eta, Turkiako barne ministroak aurkeztu demisioa ez du onartzen Erdoganek
  • Koronabirusaren krisiaren kudeaketa kaskarraz jabeturik, demisioa aurkezteko erabakia hartu du Suleyman Soylu Turkiako barne ministroak. Recep Tayyip Erdogan presidenteak ordea ez du halakorik onartzen. Apirilaren 10ean hartutako astebururako konfinamenduaren erabakiak eragin du barne ministroaren erabakia.

ARGIA @argia 2020ko apirilaren 13a

Apirilaren 10ean hartu konfinamenduaren erabakiak berehala jende metaketa, istilu eta paniko momentu ikusgarriak eragin zituen Turkiako hiri nagusienetan. Inor ez zelako aldaketa horren beha: Ankara eta beste 29 hirietako biztanleei, asteburua etxetik atera gabe pasatzeko manua bideratu zien Suleyman Soylu barne ministroak. Erabakiak eragindakoaz jabeturik, ardurak hartu eta demisioa aurkeztu du ministroak. Hain zuzen, kritika anitzek “milaka herritarren bizia arriskuan jarri izana” leporatzen diote. Ekrem Imamoglu Istanbuleko auzapezak ere gogor salatu du gobernuaren joera, zehaztuz ez zutela aurretik konfinamenduaren berri ukan.

 

Haatik, halakorik ez du onartzen Recep Tayyip Erdogan presidenteak: “Gure barne ministroaren demisioa ez dugu onartu; funtzioa betetzen jarraituko du”.

1.000 hilez gora eta konfinamendurik ez

Orokorki, Turkiago gobernuak izurriteari begira duen kudeaketa osoa da geroz eta gehiago kritikaturik. Koronabirusagatik 1.000 hilez gora eta 42.000 kutsatu dira Turkian eta hala eta guztiz ere, gobernuak ez du neurri azkar eta eraginkorrik oraindik bideraturik. Ekonomia lehenestea leporatzen diote kritika askok.

Nahiz eta distantziazio soziala bermatzeko gomendioa eman eta eskolen hesteko erabakia hartu, konfinamendua bideratzeko erabakia ez du oraindik hartua. “Ondoko asteetan jendeak ahal bezain bat besteaz isolatu beharko du, eri izan ala ez. Salbuespen egoera dekretuz agintzea galdetzen digute, baina ez da beharrezkoa, bakoitza kapable izan behar da bere salbuespen egoera dekretatzeko eta gauzatzeko”, Fahrettin Koca osasun ministroaren hitzetan.