argia.eus
INPRIMATU
Koronabirusa lehen aldiz atzemana izan den Wuhan hiria berrogeialdian jarri dute
  • Goiz honetako 10:00ak geroztik (Euskal Herriko 03:00ak) ezin daiteke Txinako Wuhan hirira sartu edo bertatik atera. Hiri horretan atzeman zen abenduan lehen aldikoz 2019-nCoV koronabirusa. Huanggang hiriarentzat ere neurri berak hartuko dituzte egun bukaeran. Nazioarteko larrialdi egoera irekitzen duen erabakiko du gaur Osasunaren Mundu Erakundeak.

     

ARGIA @argia 2020ko urtarrilaren 23a
Pertsonaz pertsona pasaz hedatzen dabil birusa

Goiz honetako 10:00ak geroztik (Euskal Herriko 03:00ak) berrogeialdian dago Txinako Wuhan hiria: bertakoek ezin dute atera eta ezin daiteke ere hiri horretara sartu. 11 milioi biztanle dituen hirian atzeman zen abenduan lehen aldikoz 2019-nCoV koronabirusa, orain arte 17 pertsona hil eta beste 500 pertsonaz gora gaixotu dituen birusa ezezaguna. 7,5 milioi herritar dauzkan Huanggang hiriarentzat ere neurri berak hartuko dituzte egun bukaeran.

Koronabirusa pertsonaz pertsona transmititzen dela jakinik, birusa abiadura handian hedatzearen kezka handia hedatu da Txinan, baita nazioartean ere. Hori horrela, Wuhanekin loturan diren tren, autobus, itsasontzi eta hegazkin guztiak dituzte ezeztaturik. Wuhango pneumonia gisa izendaturik da eritasuna. Hain zuzen, koronabirusak sukarra, eztul lehorra eta arnasa hartzeko zailtasunak eragiten dituelako.

Nazioarteko larrialdi egoera irekitzekotan

Osasunaren Mundu Erakundeak txalotu egin ditu Txinak harturiko babes neurriak, zehaztuz birusaren hedapena mugatzeko neurri garrantzitsuak eta ausartak direla. Funtsean, nazioarteko larrialdi egoera irekitzen ote duen erabakiko du OMEk egun. 12:00 aitzina abiatuko dituzte eztabaidak adituek Genevan, erabakia ahal bezain laster hartzeko helburuarekin. Koronabirusaren kontra egiteko neurri eta ekintzen areagotzea ekarriko luke nazioarteko larrialdi egoera erabakitzeak.

Gertaturikoa “larria, bapatekoa, ezohikoa eta ustekabekoa” denean erabaki ohi dute larrialdi egoera, baita osasun publikoari dagokionez ere, “hunkia den Estatuaren muga nazionaletatik haratago ere ondorioak daudelarik”. Horrez gain, “nazioarte mailan berehalako ekintza bat behartzen duelarik” hartu dezakete ere egoera horren alde egiteko erabakia.

Hamar urtez, bost aldiz bakarrik erabaki izan du nazioarteko larrialdi egoera OMEk: 2009ean H1N1 gripeagatik, 2014ean poliomielitisa (gaur egun oraindik dago aktibo larrialdi egoera hori) eta Ebolagatik, Zika birusagatik 2016ean eta Ebola gripeagatik iazko uztailean.