argia.eus
INPRIMATU
Koronabirusa Israelen: militarrak, software zelatariak eta Netanyahuren neurrigabeko boterea
  • Koronabirusaren aurkako neurriek estatuei kontrol soziala areagotzeko aukera berriak eman dizkie. Baina honetan ere, estatu guztiak ez dira berdinak eta aurretik ere joera autoritarioak nagusi ziren lekuetan kezka areagotu egin da. Israelen, adibidez.

ARGIA @argia 2020ko apirilaren 19a
Netanyahu bere posizioa are gehiago indartzeko baliatzen ari da krisia, lehen palestinarrei aplikatzen zien jarraipena orain herritar guztiei zabalduz.

Benjamin Netanyahu lehen ministroak orain eskuak libre ditu herritarrak beste modu batera kontrolatzeko, ez baitio parlamentuari ere galdetu beharko. Baina Israelez eta kontrol sozialaz ari bagara, egoera kezkagarriak ez dira pandemia honen eskutik etorri, Al Jazeera telebista kateko The Listening Post programan gogora ekarri duten moduan, Israelek hamarkadak daramatzalako palestinarren mugimenduak kontrolpean edukitzeko gaitasunak –eta beraz, teknologia– perfekzionatzen.

Yael Berda Harvard unibertsitateko irakasleak Al Jazeera-ri esplikatu dionez, Israelek dauka posibleki mundu osoko estatuen artean populazioa kudeatzeko sistemarik sofistikatuena. “Funtsean, eskubiderik ez daukaten lau milioi pertsona gobernatzen ditu”, azaldu du, palestinarrei erreferentzia eginez. “Hortaz, eskubideak bertan behera geratzearen auzia ez da eztabaidatu ere egiten okupatutako lurraldeei buruz ari garenean”.

Pandemiaren kontrola segurtasun zerbitzuen esku utzi du Israelgo estatuak: Shin Bet agentziak orain herritar guztiak espiatzen ditu, ez palestinarrak bakarrik, eta horretarako datu-base handia zeukala agerian geratu da. Agentzia horrek ez dauka perfil oso publikoa eta jendaurrean kontuak ematea ez da gehien gustatzen zaion gauzetako bat Marwa Fatafta ikerlari palestinarrak esplikatu duenez. “Ez da era honetako krisi batean ardura hartu behar lukeen erakunde mota”, aditu honen ustez.

Khaxoggiren hilketan laguntzetik koronabirusa kontrolatzera

Zerbitzatzen dituen interes geopolitikoak kontuan izanda, Israel oso militarizatutako herrialdea da. Soldadutza biztanleen harrotasun nazionalaren parte da eta eliteko unitateetara iristea, lorpen sozial bat. Askotan, gainera, kontaktuak egiteko leku aproposa izan daiteke: zerbitzu militarra bukatzean sektore pribatura pasatzen diren israeldarrek armadan jasotako esperientzia irabazi ekonomikoak lortzeko baliatu dezakete.

NSO enpresa teknologikoa sortu zuten pertsonen kasua, adibidez, hori da. Pegasus izeneko spyware batekin egin ziren mundu osoan ezagun, Arabiar Emirerri Batuetako giza eskubideen aldeko ekintzaile baten telefonoa hackeatzen saiatu zirenean. Saudi Arabiako erregimenak ere erabili du software hori Omar Abuzlaziz disidenteak salatu duenez, eta baliteke Jamal Khaxoggiren hilketaren aurretik kazetari honen jarraipenerako erabili izana.

Bada, orain, COVID-19aren aurka Israelek erabili nahi duen “coronameter” aplikazioa NSOren esku egongo da, Al Jazeera-k informatu duenez.

“Gure IKT azpiegitura Israelek kontrolatzen du eta beraz zuzeneko sarbidea dauka palestinarren datuetara. Jendearen osasun-egoera, norbait bikotetik kanpoko harremanak edukitzen ari ote den, orientazio sexuala, euren premia ekonomikoak... horiei denei buruzko datuak jaso ditzakete eta batzuetan palestinarrei xantaia egiteko erabili izan dira”, azaldu du Fataftak.

Egoerak ez ditu palestinarrak bakarrik kezkatzen, Israelgo eskubide zibilen aldeko mugimenduak ere krisi honetatik haragoko arriskuaz konturatzen hasi dira. Segurtasun nazionalaren izenean, Netanyahuk inpunitate osoa eskuratu du eta nahi dituen erabakiak hartzeaz gain, bere presentzia mediatikoa ere asko handitu da. “Hamaika urtez egon da boterean, ez ditu azken hiru hauteskundeak irabazi, baina hala ere egoera manipulatzen ari da, are eta botere gehiago kontzentratzeko bere eskuetan”, deitoratu du Hareetz egunkariko Yossi Melmanek.