argia.eus
INPRIMATU
Koronabirusa: homosexualen, abortuaren eta eutanasiaren erruz
  • "Covid-19ko pandemia Jainkoak gizateriari egindako oihua da, desordena sozialaren, abortuaren, indarkeriaren, ustelkeriaren, eutanasiaren eta homosexualitatearen aurrean", adierazi du Ramon Castro Castrok, Mexikoko Cuernavacako Elizbarrutiko gotzainak.

Axier Lopez @axierL 2020ko martxoaren 24a

"Gizateriak Jainkoa izatera jolastu nahi izan du. Begiratu 2019an, 50 milioi abortu munduan, gizakia gustura eta bere sasiaskatasuna aldarrikatuz, horiek Jainkoaren seme-alabak dira eta hil egin ditugu, ezer gertatuko ez balitz bezala ".

Eta gaineratu du: "Ustelkeria, indarkeria, lapurretak... Ohitzen hasiak gara. Eutanasia: Herbehereetan eta Belgikan oso larri dauden haurrak hiltzea erabaki dezakete gurasoek. Itxaron dezatela haurrek zer genero izan nahi duten ikusteko, mutiko batek erabaki dezan neska izan nahi duela, eta neska batek erabaki dezan mutiko izan nahi duela. Ai ene! Ziur aski Jainkoak dio: 'Nora zoazte, baina? Amildegira joaten ari zarete'".

Mexican post hedabideak jaso ditu bere hitzak:

 

 

Gorroto mezua

LGTBI komunitateko eledun Israel Dirzok adierazi du, gotzainaren adierazpenek LGTBI pertsonen eta kide feministen aurkako diskriminazioa eta indarkeria sustatzen dituela. "Tamalgarria da erlijio-hierarkiak herrialdearen egungo egoeraz baliatzea, gizarteko zenbait talderen aurkako gorroto-diskurtsoak barreiatu eta sustatzeko ", adierazi du.

Ramon Castro gotzainari eskatu diote ez dezala pulpitua erabili gorrotoa eta indarkeria pizteko, "mundu osoari eragiten dion arriskupean izanik, penagarria da, elkartasuna sustatu beharrean, buruzagi erlijiosoek indarkeria giroa sortzeko baliatzea egoera". Gotzainaren aurkako ekinbide legalak abiatuko dituztela gaineratu du.