argia.eus
INPRIMATU
Koronabirusa dela eta, urriaren 4era atzeratu dute Kaledonia Berriaren independentziari buruzko erreferenduma
  • Printzipioz irailaren 6an egitekoa zen erreferenduma urriaren 4era atzeratzea adostu du Frantziako Gobernuak. Autonomia hein batekin bada ere, Frantziaren menpe izaten segitzen du independentistek Kanaky ere deituriko Kaledonia Berriak.

ARGIA @argia 2020ko maiatzaren 30a

Urriaren 4ean izanen dute aukera kaledoniarrek adierazteko bai ala ez Frantziako Estatuaren menpe izaten segitu nahi duten. Hasiera batean irailaren 6an egitekoa zuten erreferenduma baina azkenean, koronabirusa dela eta atzeratu dute hitzordu politikoa. Thierry Santa Kaledonia Berriako Gobernuburu eskuindiar eta loaialistari eta Rock Wamytan bertako Kongresuko buru independentistari bidali die proposamena Edouard Philippe Frantziako lehen ministroak.

2018an jada burutu zuten galdera bera zekarren erreferenduma eta independentziaren kontrako botoak irabazi zuen, botoen %56,4arekin. %80,6ko parte-hartzea izan duen galdeketan, “Kaledonia Berriak burujabetasun osoa edukitzera heldu eta independentea izatea nahi duzu?” galderari erantzun zioten herritarrek. Erreferendumeko emaitzak baloratuz buruzagi independentistek adierazi zuten garaipenetik “oso gertu” daudela eta datorren urteetan adosturik dauden galdeketetarako “indarra” ematen diela.

1998ko maiatzaren 5eko Noumeako akordioan adostu zuten erreferendumaren bidea. Frantziako gobernuaren ordezkariak, independentistak eta independentziaren aurkakoak egon ziren akordioaren izenpetzaile. Akordio honek dakar independentziari buruzko hiru erreferendumen antolaketa –soilik lehen bietan ezezkoa irabazle bada, hirugarren antolatuko da–.