argia.eus
INPRIMATU
Koronabirusa behin pasa duenak ez du zertan inmune izan, OMEk ohartarazi duenez
  • Osasunaren Munduko Erakundeak baliogabe utzi du "inmunitate txartela"ren ideia, adierazi baitu ez dagoela ziurtasunik esateko koronabirusa pasa duen eta antigorputzak sortu dituen pertsonak ez duenik berriz ere koronabirusa harrapatuko. Adierazpen hauen bidez erantzun die hainbat gobernu planteatzen ari direnari: pertsonetan antigorputzak atzemanez gero, kontuan hartzea inmunitatea duela eta beraz, ezingo dituela ingurukoak kutsatu.

ARGIA @argia 2020ko apirilaren 27a

OMEk gida bat kaleratu du bere kide diren estatuentzako, hainbat ikerketa eta artikulu zientifiko bilduz. Ikerketa hauetako gehienek adierazten dutenez, koronabirusa gainditzen duten pertsonek birus honen aurkako antigorputzak sortzen dituzte, baina kasu batzuetan oso gutxi. Horregatik, OMEk adierazi du "apirilaren 24an ez dagoela ikerketarik ebaluatzen duenik antigorputzen presentziak inmunitaterik ematen dienik pertsona horiei, gerora berriz kutsatzeko".

Gobernuek ematen dituzten mezuek kutsatzean eragina izan dezakete

OMEk nabarmendu du "jendeak uste badu test serologikoak positibo eman diolako inmunitatea duela, osasun neurrei jaramon egiteari utzi diezaioke, eta beraz, inmunitate zertifikatu hauek handitu dezakete kutsadura zabaltzeko arriskua".

Beste antigorputzekin nahasteko arriskua

OMEk adierazi du froga serologikoek duten fidagarritasuna zehazteko gehiago balioztatu behar direla, uste okerrak eta horien ondoriozko arriskuak saihesteko. Azaldu du froga hauen lehen akatsa izan daitekeela kutsatutako pertsonari frogak negatibo ematea, edo alderantziz, birusa pasa ez duenari positibo ematea.

OMEk azpimarratu du test hauek gai izan behar dutela bereizteko zein antigorputz sortu dituen SARS-CoV-2 (koronabirusaren izen zientifikoa) birusak eta zein ezagutzen diren beste koronabirus motek. Horietako lau antigorputz gripe arruntak sortzen ditu, beste bat arnasketa sindromeak eta azkena SARS-ak.