Zazpi lagun hil dira Italian koronabirusak kutsatutako 200 pertsona horietatik 165 Italiako iparraldeko Lonbardia lurraldean eman dira. Europako Batasunak dei egin die EBko herrialdeei mugak itxi ez ditzaten.
Lonbardiaz gain, Véneto, Piamonte, Emilia Romaña eta Lacio eskualdeetan ere izan dira kutsatutakoak eta horien ondorioz, Italiako iparraldean neurri bereziak hartu dira gaitza zabaldu ez dadin. Venezian karnabaletako azken bi egunak bertan behera utzi dituzte eta Lonbardia, Veneto eta Piamonteko lurraldeetan eskola guztiak bertan behera geratu dira. Italiako gobernuak, halaber, kutsaduren fokuen guneetatik sartu-irteerak debekatu ditu, baita lan jarduerak eta manifestazioak ere.
Stella Kyriakides Europar Batasuneko Osasun komisarioak dei egin die EBko herrialdeei ez ditzaten mugak itxi. Bere esanetan, Italia ongi ari da aurre egiten duen egoerari eta EBk modu bateratuan egin behar dio aurre gaitzari, Osasunaren Mundu Erakundearen eta EBko osasun erakundeen aginduak betez. Komisarioak jakinarazi duenez, EBk dagoeneko 232 milioi euro bideratu ditu koronabirusari aurre egiteko.
EBk beldurrak eta mugen itxierak batasunaren ekonomian ekarriko lukeen kalte handia saihestu gura du, baina oraingoz estu dabil bere zereginean eta Italiako burtsak beherakada esanguratsua izan du, %4ko beherakadak izanez. Europako beste burtsa handietan ere %3tik gorako galerak izan dira.
Txinan dagoeneko 2.600 hildako eragin ditu gaitzak, horietako 150 astelehen honetan bertan. Iranen ez daude argi kontuak, eta 50 hildakori buruz hitz egiten da iturri ez ofizialean arabera, eta ofizialen esanetan hamabost hildako dira. Hego Koreak ere ofizialki baietsi ditu zazpi hildako eta 832 kutsatu.