argia.eus
INPRIMATU
Koronabirus osteko ekonomiak donut forma du eta Amsterdamen probatu nahi dute
  • Egungo kontsumo ereduekin hautsi eta baliabideen eta materialen %50eko murrizketa egitea ari dira aztertzen Herbehereetako hiriburuan, Kate Raworth ekonomistaren modelo zirkularrari jarraiki.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2020ko apirilaren 16a
Neurri zehatzak iragarri ditu Amsterdamek kontsumoa erdira murrizteko (ar. Amsterdameko Udala)

BPGren goranzko edo beheranzko lerro zuzenak alde batera utzi eta donut edo erroskilla formako ekonomiara pasatzea proposatzen du Raworthek. Erdiko zuloan herritarren oinarrizko beharrak leudeke: ura, janaria, energia, etxebizitza, genero berdintasuna. Kanpoko hutsuneak, berriz, muga ekologikoa irudikatzen du, eta erdian "ongizatea" dago.

Amsterdameko alkateorde Marieke van Doornincke-ek joan den astean aurkeztu zuen hiria 2050ean erabat ekonomia zirkularrean bizi dadin diseinatu duten plana. Neurri zehatzak hartuko dituzte, denbora gehiago iraungo duten produktuak sustatu, "materialen pasaporteak" sortu edo ostatuei janaria ez botatzeko pizgarriak eman.

"Botatzen ditugun produktuak errausten dituen sistema batean bizi gara, nahiz eta oraindik material baliotsuak izan, soilik zabor gisa etiketatu ditugulako –azaldu du van Doorninckek Ballena Blanca-k jaso duenez–, munduan materialak mugaturik daudela kontuan edukita, barkaezina da hori".

Azken batean, egungo kontsumo ereduarekin hautsi nahi dute behingoz, koronabirus osteko ekonomia eta aberastasuna kalkulatzeko ekuazioan munduaren muga fisikoak ere sartzeko.

Eredu horrek eskatzen du hiriaren "argazki" bat egitea lehenik, herritarren beharrak atzemateko, baina era berean horrek izango lukeen inpaktu ekologikoa ere kontuan hartzeko. Amsterdamen, etxebizitzen alokairuarekin dagoen arazoari etxebizitza gehiago eginez ezin izango zaio erantzun, horren arabera, CO2 isuriak asko handituko lituzkeelako.

Kate Raworth bere teoria azaltzen munduko liderrei Davoseko Foroan (arg: Davoseko Foroa)

Raworth Oxfordeko unibertsitateko ekonomialaria da eta bere modeloak oihartzun handia izaten ari dira azkenaldian, ez ekarpen berriak egin dituelako, baizik eta azken urteetan hedatu diren ekonomia zirkularreko elementuak modu oso bisual eta paradigmatikoan paratu dituelako.

Hala ere, mugimendu altermundialistan baino, kapitalismoaren muinean baliatu dute gehiago bere teoria; Davoseko Foroan ere izan zen munduko aberatsenei donutaren ikuspegi kurioso hori ematen.