argia.eus
INPRIMATU
Koronabirus garaian ezingo dira garestiago kobratu hileta zerbitzuak
  • Gobernuak koronabirusaren garaian hiletak atzeratu egin ditu eta ehorzketa-segizioak hiru pertsonara mugatu. Horrez gain, azken hamabost egunetan garestiago kobratu duten enpresei muga jarri die: hileta-zerbitzuetako enpresek martxoaren 14a baino lehen ezarrita zituzten prezioak aplikatu beharko dituzte. Eta azken bi asteetan prezio altuagoak kobratu dituzten enpresek ofizioz hasi beharko dute aldea itzultzen.

ARGIA @argia 2020ko martxoaren 31

Espainiako Gobernuak hiletetan koronabirusak eragindako gorabeherak arautu ditu martxoaren 29ko SND/298/2020 Agindua-ren bidez. Agindu horrek edozein beila-mota debekatu du, tanatoestetika edo tanatopraxia praktikak debekatu ditu eta gorputzean esku-hartze erlijioso inbaditzaileak egitea debekatu du, Covid-19k hildako pertsonen kasuan. Zeremoniak atzeratu egingo dira eta ehorzketa- edo errausketa-segizioak hiru pertsonara mugatuko dira. 

Garestiago kobratu duten hileta enpresek dirua itzuli beharko dute

Martxoaren 14tik hona ordura artekoak baino prezio altuagoak kobratu dizkieten enpresei erreklamazioa egiteko sei hilabeteko epea izango dute kontsumitzaileek, alarma-egoera kendu ondorendik hasita. Edonola, Gobernuaren Aginduak dio enpresek ofizioz itzuli behar dutela aldea.

Aurrekontua jaso eta erabili ezin izan diren zerbitzuak ez ordaindu

Zerbitzua kontratatu aurretik, ehorztetxeek erabiltzaileei aurrekontua eman beharko diete, 2020ko martxoaren 14a baino lehen argitaratutako prezioen zerrendarekin batera, baita Covid-19 dela eta jarduera bereziak egin behar badira ere.

Bestalde, kontratatutako zerbitzuak edota produktuak ezin izan baditu erabiltzaileak krisiaren ondorioz entregatu edo erabili, zerbitzu edo produktu horiei dagozkien ordaindutako zenbatekoak itzuli beharko zaizkio.