Kalejira baten amaieran ireki zuten okupatutako lokala astelehenean, Pintore kaleko 51. zenbakian, Zaharraz Harro jai herrikoien hasiera egunean. Auzoan Bizi etxebizitza sareak, Herrizoma elikadura sareak eta Zaharraz Harrok ireki dute espazioa elkarlanean. Korda “auzokideok bildu, elkartasuna antolatu eta borrokatzeko” espazioa izatea nahi dute.
“Alde Zaharreko herri egituren Korda espazioa sortu da, autogestioa, elkarlaguntza eta auzodefentsa harilkatuko dituen auzoarentzako gunea”, azaldu zieten bertaratutako auzokideei Auzoan Bizi, Herrizoma eta Zaharraz Harroko kideek. Faroloitik abiatu zen kalejira Pintore kaleko 51. zenbakira ailegatzean ireki zituzten ezustean espazio okupatuaren ateak. Gutxi lehenago eman zieten auzokideek hasiera ofiziala Zaharraz Harro jai herrikoi autogestionatuei, Bollerias plazako txupinarekin. Kordaren jaiotza Herrizoma elikadura sareak antolatutako olio eta garagardo dastaketarekin ospatu zuten.
Auzoa bizitzaz bete
Korda Alde Zaharra “bizitzaz betetzeko” eta auzokideen “behar material zein komunitarioak” asetzeko helburuarekin sortu dute. Auzoan Bizik, Herrizomak eta Zaharraz Harrok salatu dute azken hamarkadetan, “krisien aitzakiapean”, egoerak okerrera egin duela gizartean: “Langile klasearen bizi baldintzak okertu dituzte, lehenik existitzen ziren injustiziak agerian utzita; migratuen kontrako eraso zuzena izan da; zaintza lanen pisua emakumeen bizkar gainean erori da; pobrezia eta gazteria kriminalizatu dituzte eta antolakuntza politikoa ere eragotzi dute”. Errealitate horrek auzoan isla duela salatu dute, “auzokideon beharren kontra eta kanpoko interesen alde auzoa eraldatzeko pausuak etengabe ematen ari dira eta”.
Horri guztiari aurre egiteko, hiru eragileek erreminta bihurtu nahi dute Korda, “auzokideok bildu, elkartasuna antolatu eta borrokatzeko” gunea. “Herri egiturak garatu eta indartzeko espazio propioaren beharra dugu. Auzoak herri egiturak behar ditu eta beraz, auzoak Korda behar du”.
Jarduerak aste honetan
Astelehenean ireki zituen ateak Kordak, eta jarduerak hartuko ditu aste honetan bertan, Zaharraz Harro jaien egitarauaren barnean. Asteazkenean, ekainak 29, Prezioen presioa mahai ingurua dago iragarria. Ostegunean afari-merienda egingo dute, “egunero jaten delako”, eta igande arratsaldean bertan emango zaio amaiera ofiziala aurtengo Zaharraz Harrori, destxupina-rekin.
?Alde Zaharreko herri egituren Korda sortu da, autogestioa, elkarlaguntza eta auzodefentsa harilkatuko dituen auzoarentzako espazioa. ?? pic.twitter.com/QrT5rJCW3o
— Auzoan Bizi Etxebizitza Sarea (@AuzoanBizi) June 27, 2022