argia.eus
INPRIMATU
KoopFabrika: ekintzailetza eduki sozialez janzteko programa Gipuzkoako hiru eskualdetara zabaldu da
  • Zabalik da KoopFabrika ekintzailetza sozialerako programan izena emateko epea. Ekonomia Sozial berriaren eta Ekintzailetasun Sozialaren ikuspegitik ekiteko helburua duten guztiei zuzenduta dago programa, eta otsailaren 1ean emango zaio hasiera formazioari.

Ainhoa Bretos @ob_ainhoa 2017ko urtarrilaren 05

Debagoiena, Beterri-Buruntza eta Oarsoaldean burutuko da aurten ekintzailetza sozialerako programa, Berrekin.Berregin eta Kooperatzen esperientzietatik abiatuta. Otsailaren 1ean jarriko da martxan eraldaketa soziala helburu duen formazio gunea.

Ekintzailetzari eduki sozial, kooperatibo eta eraldatzailea eman nahi dio KoopFabrikak. Horretarako, esperientziak ezagutu eta justizia sozialean oinarrituriko ideiak praktikan jartzeko aukera eskainiko ditu programak. Lankidetzan sorturiko proiektua da KoopFabrika, LANKI Ikertegia eta Olatukoop sarearen elkarlanetik jaioa.

Programan parte hartzea doakoa izango da, baina plaza mugatuak daude. Izen ematea zabalik da dagoeneko, formazioan ekintzailetza sozialerako tresnen erabilpenean trebatu, martxan diren egitasmoei bisitak egin eta KoopFabrikatik irtendako proiektuei eskainiko zaie tutoretza.

Programaren garapenean lagundu dute Beterri-Buruntzako udalak, Oarsoaldea eta Debagoienako garapen agentziek eta Bagara Herrigintzan kooperatibak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren finantziazioarekin. Proiektuaren inguruko berri izateko, KoopFabrikak webgunea jarri du martxan. Horrez gain, Twitter, Facebook eta Instagram sare sozialen bidez emango dute egunerokoaren berri.

Programan parte hartzen ari diren zenbait proiekturen testigantzak bildu ditu KoopFabrikak bideo honetan.