argia.eus
INPRIMATU
Ekintzailetza soziala
Koopfabrikako aurtengo edizioan etengabe eman ahal izango da izena
  • KoopFabrika Olatukoop, Lanki eta GEZKI eragileekin elkarlanean antolatutako ekintzailetasun sozialerako programa da. Berrogeita hamar proiektutik gora finkatzen lagundu du azken urteetan.

     

     

IƱigo Igartua @igartua19 2018ko abenduaren 12a
Argazkia: @teketen

KoopFabrika programaren hirugarren edizioa aurkeztu dute asteartean Donostian. Gipuzkoan martxan dagoen ekimena den arren, Euskal Herriko beste tokietara zabaltzeko prozesu kolektiboak abian jartzen ari dira.

Profil anitzetako proiektu ugari babesten dituzten arren, fokua ez dute kopuruan jarri nahi izan. Amaia Oleaga Talaios kooperatibako kideak adierazi duenez, “ez gara zifra aldetik oso resultadistak, zerbait eraldatzailea, iraunkorra eta egonkorra egin nahi badugu pertsonen bizi zikloari lotuta izango da”.

Programan parte hartzen duten profiletan denetarik dago: ekintzaile indibidualak, dimentsio kolektiboa duten proiektuak, Euskal Herri mailan hedatuta dagoen elkartegintza profesionalizatu nahi dutenak edota abian egon arren kontsolidatu nahi duten proiektuak.

Hala ere, babes kolektiboa duten proiektuei aipamen berezia egin die Oleagak, “oso errotuta dago ekimen indibidual eta ideia distiratsuen kultura, baina gero konturatzen zara aurrera egiten duten proiektuak babes kolektiboa dutenak direla”.

Berrikuntzei dagokionez, formakuntzaren formatua aldatu egin da aurten. Izena eman duten proiektuei tutore bat esleituko zaie, haien beharren eta sektorearen arabera. Parte hartuko duten pertsonak formatzeko ostera, KoopFabrika trinkoa eta KoopFabrika ibilibidea aukerak izango dira otsailetik ekainera bitartean.

Lehen aldiz, izen-emate epea etengabe egongo da zabalik kooperatibaren webgunean.