argia.eus
INPRIMATU
Kooperatiben lege berriak parekidetasuna sustatuko du kontseilu errektoreetan
  • Lege proiektua aztertzeko ponentzia bildu zen asteazkenean Eusko Legebiltzarrean eta kooperatiben organo gorenetan parekidetasuna bermatzeko neurriak hartzea proposatu zuten, El Diario Vasco-ren arabera. Abenduan onar dezakete legedia, eta 25 urtez berritu gabe egon ondoren, batez ere bazkideen ardura legalak definitzeko balioko du, kooperatibismoan sakontzeko baino.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2019ko azaroaren 21
Kooperatiben legea aztertzeko ponentzia bilduta Eusko Legebiltzarrean; lau gizon eta bi emakume (arg: Eusko Legebiltzarra)

Eusko Legebiltzarreko ponentzia asteazkenean bildu zen Kooperatiben Lege berriari azken ukituak emateko. Aldaketa nabarmenetako bat EH Bilduk egindako proposamenetik etorri da, El Diario Vasco-k papereko edizioan argitaratu duenez. Hala, kooperatiben kontseilu errektoreak parekidea izan behar duela agertuko da testuan. Horretarako, kooperatibek egokitzapen epe bat izango dute, kontseiluak berritzen doazen heinean emakume gehiago sartzeko organo horietan, Vocentoko egunkariak dioenez.

EH Bilduren eta beste hainbat eragileren beste eskari bat –tartean Erkideko presidente Rosa Lavinena, Berria egunkariari azaldu zion bezala–, kooperatibek Lanbiden ordezkariak izatea, ez da haintzat hartu ordea.

Lege berriak ekarriko dituen aldaketa nabarmenenak bazkideen ardura legalak definitzeko izango da. Fagor Etxetresna Elektrikoen kiebrak sorturiko krisian oinarrituta, sozietateen, administrarien eta bazkideen arteko ardurak zein diren zehatzago azalduko du legediak eta ondare pertsonala "babestuko" du egon daitezkeen balizko galeren aurrean. Horrez gain, bazkide ez diren langileen portzentajea %25etik %30era igoko da.

EAEko hainbat kooperatiba zailtasun handiak izaten ari dira hartzekodunekin zorrak kitatzeko, batez ere nagusiena den Eroski –joan den udan lortu zuen daukan zor ikaragarria birfinantziatzea–. Testuinguru horretan ere kokatu behar da kooperatiben lege berriak izan duen bultzada eta hartu duen norabidea.

Aitzitik, 2018ko abenduan onartutako lege proiektuaren ildo nagusiak ikusita, ez dirudi kooperatibismoan eta ekonomia eraldatzailearen balioetan aurrera egiteko sakoneko urrats berririk emango denik, ezta beste eredu publiko, komunitario eta kolektiboak uztartzeko ere, Frantziako Estatuan dauden moduan.

Kooperatiben legeak 1.600 enpresari eta 60.000 langileri eragingo die EAEn.