argia.eus
INPRIMATU
Kooperatiben kudeaketarako gakoak: Interneteko ikastaroa urriaren 27an hasiko da
  • Mondragon Unibertsitateak jarri du martxan MOOC ikastaroa: Internetez egiten da, ez da ordaindu behar eta ez da inolako aurrebaldintza akademiko ez profesionalik eskatzen.

Estitxu Eizagirre @eeizagirre 2015eko urriaren 06a

Mondragon Unibertsitateak "Kooperatiben kudeaketarako gakoak: Arrasateko esperientzia" izeneko MOOC kurtsoa jarriko du abian urriaren 27an. MOOC kurtsoak Internetez egiten dira, eta irekiak eta masiboak izaten dira: ez dira ordaindu behar eta ez zaie inolako aurrebaldintza akademiko edo profesionalik eskatzen parte-hartzaileei. Gizarte ikaskuntzan oinarritzen dira, hau da, erabiltzaileek eztabaida-foroetan edota sare sozialetan elkarrekin elikatzen dute jakintza. Mondragon Unibertsitateak baditu dagoeneko beste bi MOOC martxan, eta hauxe izango da euskarazko lehena.

Lau moduluk osatuko dute ikastaroa:

1. Ekonomia sozial eta solidarioa XXI. mendean. Kooperatibismoa egungo gizarte erronken testuinguruan aztertuko du.

2. Arrasateko Kooperatiben Esperientzia. Errealitatea, historia, oinarrizko ezaugarriak eta bultzatzaile izan den J.M. Arizmendiarrietaren pentsamendua azalduko ditu.

3. Ekonomia sozial eta solidarioko erakunde eta enpresak era eraginkorrean kudeatzeko zenbait gako (Arrasateko Kooperatiba Esperientziatik eratorriak). Parte-hartze integralean oinarritzen den Mondragon taldeko gestio eredua, pertsonen gestioa eta kooperatiben arteko elkartasun tresnak aztertuko dira bereziki.

4. Gizarte eraldaketa prozesuetan oro har hezkuntzak jokatzen duen funtsezko paperaren gaineko hausnarketa. Bereziki Arrasateko kooperatiba esperientziaren jatorrian izan duen garrantzia azalduko da eta euren hezkuntza ereduaren ezaugarriak ezagutaraziko dituzte.

Izena emateko:

Honako helbidean duzu aukera.