argia.eus
INPRIMATU
“Kontziliazioa gezurra da; amek ez dute kontziliatzen, sakrifikatu egiten dute”
Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2015eko ekainaren 01
"Oraintsu hasi naiz aitak ere kontsultan ikusten". Eldiario.es

Kontziliazioa gezurra da. Amek oztopo-lasterketa etengabea egiten dute eta ez dute kontziliatzen, sakrifikatu egiten dute. Emakumea lanera baldin badoa familiako ekonomiak behar duelako, hobeto ikusia dago, baina emakumea lanera baldin badoa gustuko duelako, erruduntasun sentimendua handiagoa da. Emakumeek eta gizonek osoki garatzeko eskubidea dute, gurasotasun polit bat izateko eta ogibidea errudun sentitu gabe garatzeko eskubidea. Agintariak dira errudunak, kontziliazio legeak ez egiteagatik”.

Mezu kontraesankorren bonbardaketa jasaten dute egungo amek. Ahal dutena egiten dute eta duela oso gutxira arte beraiek ziren denaz arduratzen zirenak. Oraintsu hasi naiz aitak ere kontsultan ikusten”.

Erruduntasun sentimendu itzela duten amak ikusi ditut, seme-alabak bronkitis bat hartu duelako. Gizonek, orokorrean, ez dute sentimendu hori. Ama onaren mitoa ez da egia, haurtxoarentzat norbere ama delako onena eta bakoitzak ahal duena egiten du”.

Ez dago haziera-senik. Zure sena jarraitu dezazula oinarri duten liburuak kritikatzen ditut, liburu horrek orri bakarra izan beharko lukeelako. Ez dago haziera-senik, haurtxoak zuzentzen dituen lotura eta atxikimendu mekanismo izugarriak baizik. Niretzat, umeak negar egin dezala uztea astakeria da. Kaletik bazoaz eta pertsona bat negarrez ikusten baduzu, ez zara ezer egin gabe joaten. Hazieraren oinarria da haurtxoak pertsonak bezala tratatzea, perfektu izan beharrarekin nahaspilatu gabe. Perfekzioa ez da existitzen, gizakiak garelako”.

Ama izateko presio sozial eta erlijioso handia jasaten dute emakumeek. Amatasun sena, hasteko, erlijioak inposatuta dator. Geneetan zerbait dagoela argi dago, espeziearen biziraupenari lotuta, baina instintu horiekin nahi duena egin dezake buruak. Pertsona bakoitzak eskubidea dauka nahi duena egiteko, eskubidedun gizakia den heinean. Hala ere, gutxiengoa diren kolektibo guztien moduan, ama izan nahi ez duten emakumeek talde baztertua eta estigmatizatua izaten jarraitzen dute”.

Informazio gehiago:

Irakurri Onintza Iruretak amatasunaz idatzitako artikulua (2448. zenbakian).