Arratsaldez eta gauez lan egiten duen jendea dagoela argudiatuta, 0-3 urteko umeentzat 24 orduz zabalik egongo diren haur-eskolen beharra planteatu du Espainiako Enplegu ministroak. Erreakzio-katea berehalakoa izan da eta agerian utzi du nola ulertzen dugun kontziliazioa, zeren mesedetan eta noren kaltetan.
Espainiako Estatuan 37,5 ordura lanaldia murriztuko dela iragartzearekin eta zaintzagatik prestazio unibertsal bat proposatzearekin batera, 24 orduz irekita dauden haur-eskolak kontziliaziorako neurri ona liratekeela adierazi du Espainiako Gobernuko bigarren presidenteorde eta Enplegu eta Ekonomia Sozialeko ministro Yolanda Díazek, konferentzia batean.
Eta bai, guraso batzuek berandura arte egiten dute lan, baita gauez ere, “baina soluzioak ezin du beti izan txikienen ongizatearen kontura, justu zaurgarrienen kontura; 3 urtetik beherako umeek etxetik kanpo lo egin dezatela proposatzea da haurtzaroko beharrak eta osasun mentala batere ez ezagutzea”, gogoratu du Paola Roig psikologo perinatalak.
Salbuespen izan daitezkeen horientzat –gauez lanean ari direlarik familia- edo lagun- sarerik ez dutenentzat– haur-eskolak uneoro irekita izateak arriskua luke aukera hori orokortzea eta lanorduak are gehiago luzatzea, umeek badutelako non egon, ohartarazi dute. Hain justu, zer eta 0-3 urteko haurrei bideratua da proposamena –nahiz eta 3 urtetik gorako haurren gurasoek kontziliazio premia berak dituzten–, jakina denean lehenengo urte horietan zein inportantea den gurasoenganako atxikimendua ondo finkatzea, haurraren garapen emozional eta psikologikorako.
Haur Hezitzaileen Munduko Elkarteak gogor kritikatu ditu Díazen adierazpenak: batetik, nabarmendu du haur-eskolak ez direla haurrak aparkatzeko eta kontziliatzeko espazioak, haurrak hezteko lekuak baizik. Bestetik, azaldu du kontziliazioa denok nahi dugun zerbait dela baina soluzioa ez dela zaintza instituzioei 24 orduz delegatzea, baizik eta lan-politikak malgutzea eta humanizatzea, gurasoak seme-alabekin denbora gehiago egon ahal izateko.
Soluzioa ez da zaintza instituzioei 24 orduz delegatzea, baizik eta lan-politikak malgutzea eta humanizatzea, gurasoak seme-alabekin denbora gehiago egon ahal izateko
Egun solteak, lanaldi erdiak, baimen ordainduak…
Benetako kontziliazioa bestelako neurriek dakartela gogoratu diote Yolanda Díazi. Amatasun eta aitatasun baimen luzeak, lan eredu malguak (presentzialki eta etxetik uztartu ahal izatea, haurraren ordutegiekin hobeto lotzeko), ordutegi malguak (sartu-irtenean adibidez, edo ordutegi jarraia egin ahal izatea), lau eguneko astea, norberak nahi duenean hartzeko egun libre eta ordaindu kopuru jakin bat eskaintzea (hala egiten dute hainbat enpresek), lanaldi erdirako pentsatutako postuak (Ingalaterra edo Holandan, esaterako, ohikoa da zeregin jakin bat antolatua egotea bi pertsonek egiteko, bakoitzak lanaldi erdian)…
Espainiako Gobernuak berak aspaldi iragarri zuen haurrak 8 urte bete arte zortzi asteko baimen berezia har dezaketela gurasoek, zaintzarako, baina oraindik ez da lortu aste horiek ordainduak izatea.