argia.eus
INPRIMATU
Kontzientziazioa “handitu” dela ondorioztatu du Iruñeko LGTBIfobiaren Aurkako Behatokiak
  • Harrotu zerbitzuak Iruñeko Udaleko LGTBIfobiaren Aurkako Behatokiaren txostena argitaratu du: urtebetean 34 erasoren berri izan duela; iaz baino zortzi gehiago. Behatokiak ustetan du zerbitzua geroz eta ezagunagoa delako izan daitekeela.

Olaia L. Garaialde 2024ko otsailaren 23a
Harrotu zerbitzuaren irekiera eguna.

Iruñeko LGTBIfobiaren erradiografia bat egiteko eta beharretara egokitutako neurriak hartzeko jaio zen Iruñeko Udaleko LGTBIfobiaren Aurkako Behatokia 2021. urtean. Horretarako, Iruñean jasotako eraso LGTBIfoboaren erregistroa egin, eta txosten bat egin du Behatokiak. Txostenaren arabera 2022. urteko abuztutik 2023. urteko uztailera 34 jaso dituzte; iaz baino zortzi gehiago. 

Erregistratutako erasoak %30 igo badira ere, behatokiaren arabera horrek ez du esan nahi erasoen kopurua igo denik. Behatokiak dioenez, gaiarekiko sentsibilizazioa “handiagoa” delako eta zerbitzua “geroz eta ezagunagoa” delako izan daiteke igoera: “Indarkeria sinbolikoa %109 hazi denez; ondorioztatu daiteke herritarrak gero eta kontzientzia handiagoa dutela LGTBIfobiarekiko, eta, beraz, jarrera, jokabide eta gorroto-delitu horien aurrean aipatuak eta erantzule sentitzen direla”.

Erregistratutako eraso gehienak sinbolikoak eta ahozkoak izan dira; %36 eta %22 hurrenez hurren. Sinbolikoei dagokienez, gehienak transfoboak izan dira, eta “asko” Emakumearen Nazioarteko Egunaren ingurukoak ziren. Beste eraso batzuek aldiz, iaz bezala kutsu erlijiosoa duten kristau komunitateen mezuak ziren. 

Aurrez aurre salatzeko premia

Erasoak salatzeko zenbait bide daude; hala nola Harrotuko sare sozialen bidez edo 948226326 telefonoa, lgtbi@pamplona.es posta elektronikoa edota Harrotun (San Gregorio kalea 28) bertan. Harrotuko langileek aurrez aurre nahiago izaten dute arreta “hurbilagoa” emateko.

Aurten, salatutako gertakarien %44 aurrez aurrekoa izan da: “Horrek agerian uzten du garrantzitsua dela zuzeneko arreta-zerbitzu bat izatea, jendearendako irekia, langile espezializatuekin, baliabideak ematen dituena leku segurua eta konfiantzazkoa izan dadin, egoera zailetan bertara jo ahal izateko”.

Azkenik, Iruñea sozializazio eta bizikidetza espazio bat izateko gomendioak eman ditu behatokiak; hala nola nabarmendu du intersekzionalitatea “beharrezkoa” dela, salaketa eta laguntza mekanismoak "indartu" behar direla;  LGTBIfobairen aurkako kanpainak egiten jarraitu behar dela eta pertsona sexu genero disidenteen inguruko datuen eta azterlanen “egiazko” informazioa eman behar dela.