argia.eus
INPRIMATU
Kontzientzia eragozle bat aske utzi du Israelek, sei hilabetez preso izan ostean
  • Tal Mitnick Hemezortzi urteko gaztea izan da azken hamarkadan kontzientzia eragozpenagatik denbora gehienez espetxeratu dutena.

Jon Hidalgo GereƱu 2024ko uztailaren 19a
Tal Mitnick. Argazkia: Getty Images

Tel Aviveko hemezortzi urteko gazte bat aske utzi du Israelek, baina kontzientzia eragozpenaren argudioa ofizialki onartu gabe. Bera izan zen urriaz geroztik armadari uko egin zion lehen israeldarra, eta sei hilabetez egon da espetxean, salbuetsita egoteko baimena jaso duen arte. Sei aldiz luzatu diote zigorra kartzelan, armadan parte hartzeari uko egiten jarraitzen zuelako, eta bera izan da azken hamarkadan denbora gehien kartzelan pasa duena, kontzientzia eragozle israeldar gisa. Kontzientzia eragozpen kasu gehiago izan dira Israelen azken hilabeteetan.

Gazte horrek eta beste 230 ikasle israeldarrek publikoki uko egin zioten armadan parte hartzeari, Gazako ekintzen aurka azalduta. Haietariko asko espetxeratu ditu Israelek, gizon zein emakumeak. Israelen, hemezortzi urtetik gorako “hiritar” guztiak behartuta daude armadan sartzera, arabiarrak salbu. Beste talde minoritario batzuk ere salbuetsita daude, baina zerbitzu militarra egiten dutenek bi urtetik gora igarotzea “aurreikusten da”, armada sionistak berak dioenez. Hasieratik eragozle gisa agertzen direnez gain, beste batzuek ondoren egin diote uko Gazara itzultzeari, behin genozidioan parte hartu eta gero.